Urtaranek ez ditu aldatuko alkate frankisten kaleen izenak

Erredakzioa 2017ko urt. 23a, 11:45
Pedro Orbea kalea.

Horren ordez, argibide-plakak jartzea proposatu du, frankismoari lotuta egon daitezkeen zenbait kaletan. Ostiraleko udalbatzan Memoria historikoa berreskuratzeko txostena aurkeztuko dute talde politiko guztiek, PPk izan ezik.

Gasteizko udalak ez ditu frankismoari lotutako kaleen izenak aldatuko. Hala adierazi du Gorka Urtaran alkateak sare sozialen bitartez: "Ez dut uste Gasteizko kaleen izenak aldatu behar direnik. Alkate bezala, ez ditut hiriko kaleen izenak aldatuko. Are gutxiago Jose Lejarreta bezalako pertsonei aitortza egiten dien kaleen izenak; nahiz eta Francoren garaiko alkatea izan, pertsona ona izan zen eta gauza asko egin zituen hiriaren eta gasteiztarren alde". Horrez ordez, izen horiek testuinguruan jarri nahi ditu alkateak, "zenbait kaletan argibide-plakak jarriz, omendutako pertsona hori nor izan zen azalduz". Horrela, izena aldatu beharrean, izendapenaren jatorria azalduko luke udalak.

Memoria Historikoa berreskuratzeko txostenak dio frankismoari lotutako kaleen izenak aldatu edo testuinguruan jarri behar direla. Txosten hau datorren ostiraleko udalbatzan aurkeztuko dute udal talde politiko guztiek, PPk izan ezik. Besteak beste, Ballester Apezpikua, Bueno Monreal, Pedro Orbea, Jose Lejarreta, Vicente Abreu margolaria eta Luis Maria Uriarte kaleak aipatzen dira dokumentuan.

EH Bildu udal taldea harrituta agertu da alkatearen adierazpenekin. "Alderdi politiko guztiek, PPk izan ezik, adostu dugun txostenean argi azaltzen da Gasteizko sei kaleren izenak aldatu edo testuinguruan jartzeko borondatea. Hau da, planteamentu ireki bat egiten da kontsentsua lortzeko bidean, orain alkateak bere adierazpenekin apurtu egin duena, PPren planteamenduetara mugituz", adierazi du EH Bilduko zinegotzi Ane Aristik. Izan ere, aipatu txostenak kaleen izenak aldatzeko edo testuinguruan jartzeko ateak zabalik uzten baditu ere, "txosten hau landu duten zenbait talde politikok eta erakundek kale hauen izenak kendu nahi ditugu", zehaztu du Aristik.

Memoria historikoa berreskuratzeko plana

2014ko ekainean hasita, Gasteizen frankismoaren biktimen Memoria historikoa berreskuratzeko plan zehatz bat landu dute Gasteizko udaleko talde politikoek eta zenbait erakundek. Datorren ostiraleko udalbatzan lantalde honek adostutako ekintzak aurkeztuko dira, eta hiru dira jorratu dituzten ildoak. Batetik, memoriaren tokiak seinaleztatu nahi dituzte, besteak beste, Bake kalean 1975era arte kokatuta zegoen kartzela zaharra edo Santa Isabel hilerriko horma. Horrekin batera, sinbologia frankistan esku hartu nahi dute; hiriko leku ezberdinetan ikus daitezkeen frankismo garaiko aztarnak seinaleztatu eta testuinguruan jarri. Adibidez, katedral berriko sarreran ikus daitezkeenak edo Olarizu mendiaren tontorreko gurutzea. Azkenik, ohorezko kargu eta kale izendegi frankistan esku hartzea proposatzen du lantaldeak. Tartean, aipatutako hiriko sei kale horiek aurkitzen dira. Gainera, dokumentuan, egileek eskatu dute hiriaren urrezko domina kentzeko Jose Maria Diaz Mendibil, Francisco Peralta eta Luis Ibarra Landeteri.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide