Euskal Herri tradizionalaren eta modernoaren arteko borroka eta kontraesanean dauden bi mundu horien balio-aldaketa dira Amama. Sustraiak. Enborra. Adarrak erakusketaren ardatzetako batzuk. Otsailaren 19ra arte ikusgai izango da Montehermoso kulturunean, Amama filmaren ikuspegi artistikoa ematen duen erakusketa, hain zuzen ere. Emakumeen Berdintasunerako eta Jabekuntzarako Eskolaren jardueren barruan antolatu da.
Filmaren protagonista Amaiaren artelanak abiapuntutzat dituzten argazkiek, bideoek, olerkiek, musikak eta olio-margoek osatzen dute erakusketa. Kontraesanean dauden bi munduren arteko produktua da Amaia. Artearen bidez aurkitu beharko du bere bidea: baserritik irten, aitari aurre egin, zauriak eragin eta lotura hautsi.
Filma egin zuen taldeak, Txintxua Films ekoiztetxeak, landu ditu erakusketako argazkiak eta bideoak. Donostiako Zinema Jaialdiko atal ofizialean estreinatu zen filma, eta euskal zinemaren alorreko Irizar saria lortu zuen. Estreinatu zenetik mundu osoko jaialdietan hartu du parte, besteak beste, Cinemamed (Montpelier), Festa del cinema (Erroma), Palm Spring IFF (AEB) eta Tromso IFF (Norvegia) jaialdietan.
Erakusketaz gain, urtarrilaren 26an zine-foroa egingo da, eta Asier Altuna pelikularen zuzendaria izango da bertan.