Datuen atzeko errealitatea

Eider Arrastia Blanco 2017ko urt. 5a, 17:03
Mercedes lantegia. /S. Fdz de Aranguiz

"Kontratuen erdia baino gehiago hilabeterako edo denbora laburragorako egin dira Araban".

 

Urteko balantze ekonomikoak egiteko beharrezkoak izaten dira datuak; hona hemen 2016ari dagozkion batzuk: Araban langabezia tasa jaitsi egin da 2016. urtean zehar: urtarrilean %14,1koa baldin bazen, azaroan %13,8koa izan da. 

Kontratuei dagokionez, EAEn iaz baino kontratu gehiago (% 6,9) sinatu dira. Baina ze motatako kontratuak izan dira? kontratuen %79,1 zerbitzuen sektorerako izan dira eta kontratu horien %48,3 lanaldi partzialekoak dira. Kontratu guztien %93a baino gehiago aldi baterako kontratuak, eta lanaldi osoko kontratuen gehienak (%60,9) gizonek jaso dituzte. Kontratuen iraupenari dagokionez, erdia baino gehiago (%50,5) hilabeterako edo denbora laburragorako egin dira: %14,8 hilabete eta sei hilabeteen bitartekoak izan dira, eta soilik%3,2 izan dira sei hilabete baino luzeagoak. 

Positibotzat jo daitekeen datua da emakumeen kontratazioak gora egin duela, baina Araban emakumeen langabezia tasa (%13,6) gizonena (%11,7) baina handiagoa izaten jarraitzen du, eta 16-24 urteen bitarteko gazteena (%24,6) gainerako adineko batuketarena baino altuagoa da.

"Krisiaren" hasieratik zortzi urte luze pasa dira, eta denbora honetan, Araban ere pairatu ditugu batetik mundu mailako erasoaldi neoliberalaren neurriak, eta bestetik, Espainiako estatuak egoera ekonomikoa baliatuz oligarkizaziorako eta zentralizazio politikorako aurrera eramandako neurriak. Beraz, krisitik ateratzen ari garela esan dezakegu? Egoera ekonomiko eta soziala aztertzeko datu pilo begiratu daitezke, baina hauen atzean ezkutatzen da errealitatearen gordinkeria. 

Azken urteetan gero eta familia gehiagori kostatzen zaie hilabete bukaerara iristea, 2016ko urtean zehar Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eskatzen duten pertsonen kopuruak gora egin du; urteko azkeneko hilabeteetan Araban 9.628 pertsonek kobratu zuten.

Hortaz ez gaude egoera hobeago batean, lan baldintzen prekarietatea gora doa, zerbitzu eta prestazio sozialetako murrizketekin batera, eta gero eta pertsona gehiagori bizi-baldintza duinak izateko ateak itxi egin zaizkie; gaur egun, lana edukitzeak ez dizkizu bizi baldintza duinak bermatzen.

Ofentsiba kapitalista honen aurrean, zein da gure aukera? Gainetik pasa eta suntsitu nahi gaituen eredu ekonomiko desberdinen inguruko eztabaidetan sakontzea bide bat bada. Beste mundu bat posible dela sinestea ere debekatu egin nahi diguten momentu honetan alternatibak landu eta indartu beharko dira. Hau guztiagatik, sistema eko-sozialista eta feminista baten alde borrokatzea da etorkizuna.

*Eider Arrastia Blanco. Gaztea eta prekariatua.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide