Errege Magoak Gasteizen dira

Erabiltzailearen aurpegia Daniel Sanz Moreno 2017ko urt. 4a, 11:07

Tren-geltokira iritsiko dira 11:00etan, eta bertatik udaletxera joango dira ohiko agurra egitera. Ondoren, Goiuri jauregian haurrak hartuko dituzte, 12:15etik 18:00etara bitartean. 19:00etan izango da desfilea.

Ostegunean, hilaren 5ean, Errege Magoak helduko dira Gasteizko tren-geltokira, goizeko 11:00etan. Bertatik udaletxera joango dira ohiko agurra egitera, 11:20an. Ondoren, Goiuri jauregira joango dira eta bertan haurrak hartuko dituzte 12:15etik 18:00etara bitartean.

Desfilea 19:00etan abiatuko da, Bilbo plazatik, eta ibilbide hau egingo du: Frantzia kalea, Bake kalea, Ortiz de Zarate kalea, Florida kalea, Ramon y Cajal kalea, Micaela Portilla kalea, Laskarai kalea eta Gasteiz hiribidea; Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalearekiko bidegurutzean bukatuko da.

Guztira 390 pertsonek hartuko dute parte, horien artean, Udal Musika Banda, Elkarte Afroamerikarra, Kalez Kale Vitoria-Gasteiz, Abetxukuko Inauterietako Konpartsaren Elkartea, La Esperanza eskaut taldea eta Serezade.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago