Kafe Antzokia Eskoriatza-Eskibelen kokatzeko asmoarekin aurrera egiteko eskatu du Lazarragak, Auzolana errespetatuz

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2016ko abe. 30a, 11:59

Eskoriatza-Eskibel jauregia. Arg: ARGIA

Makina bat hausnarketa, bilera eta eztabaida izan ondoren, Lazarraga Elkarteak uste du Eskoriatza-Eskibel dela aukera egokiena Gasteizko Kafe Antzokiaren egitasmoa garatzeko; betiere Auzolana frontoia errespetatu behar dela azpimarratu dute.

Oihaneder Euskararen Etxea eta Gasteizko Kafe Antzokiaren proiektua Eskoriatza-Eskibel etxadian garatzeko asmoarekin jarrai dezala eskatu dio publikoki Lazarraga Elkarteak Gasteizko Udalari komunikatu batean, "Auzolana frontoian esku hartzea aurreikusten ez duen kokapen proposamena birplanteatuz". Elkartearen esanetan, "Udalak proposatuko kokapenak nahikoa aldekotasunik jasotzen ez duela ondorioztatu dugu, Auzolana frontoia proiektu horretatik at uzteko iritzia nahikoa zabaldua dagoela, alegia”.

Alta, Gasteizen euskararen eta euskaldunen onerako izango den azpiegitura kultural baten egitasmoa garatzeko "aukera ederra" dagoela nabarmendu du elkarteak, eta aukera hori baliatu behar dela. "Oraingoz ez dago egitasmoa proposatu den moduan martxan jartzeko aldekotasun nahikorik -azaldu du elkarteak- baina horrek ez du esan nahi ezingo denik gauzatu. Lazarragako kideok Eskoriatza-Eskibel etxadia proiektua garatzeko leku aproposa dela pentsatzen jarraitzen dugu eta frontoia proiektutik kanpo utzita egitasmoa egokitu daitekeela uste dugu".

Lazarraga Kultur Elkarteko kideek argi dute hirirako garrantzitsua den proiektua "ezin dela gatazka batetik abiatu", eta horregatik hain zuzen "malgu" jokatzeko garaia dela esan dute. "Berraztertu dezagun Gasteizko Kafe Antzokia eta Euskararen Etxea hartuko dituen proiektua eta iker ditzagun egitasmoa garatzeko aukerak erabilgarri dagoen espazioan"

Alde Zaharreko eta euskalgintzako hainbat eragilerekin, baita Udal Gobernuko eta Udalbatzako alderdi batzuekin ere bildu da Lazarraga Elkartea azken hilabeteetan. "Hainbat iritzi kontrastatu ditugu eta Lazarraga Elkartearen bileretan makina bat hausnarketa eta eztabaida izan ondoren" egitasmoarekin aurrera egin behar dela ondorioztatu dute.

Bestalde, azpiegitura lanekin batera edo lehenago Kafe Antzokiak izango duen kudeaketa landu behar dela adierazi dute, eta egitasmoaren izaera juridikoa ere zehaztu eta martxan jartzea ezinbestekoa dela uste dute.

Haatik, ostegunean egindako adierazpenetan Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Kafe Antzokiaren eta Oihaneder Euskararen Etxearen proiektuaren lehen fasea frontoian bertan kokatzeaz hitz egin zuen. Halaber, Udalak "ideien lehiaketa" zabalduko duela iragarri zuen "arkitektoen ekarpenak jasotzeko".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago