Osoko zuzenketa aurkeztuko dio EH Bilduk Urtaranen aurrekontu proiektuari

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2016ko abenduaren 26a

Miren Larrion eta Antxon Belakortu, EH Bilduko zinegotziak

EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztuko dio Gasteizko aurrekontu proiektuari."Aldaketaren aukerak zapuzten ditu" esan du Miren Larrionek.

Iragarri zuen bezala, EH Bilduk ez du Gorka Urtaranek aurkeztutako aurrekontu proiektua babestuko, eta are gehiago, osoko zuzenketa aurkeztuko du. Miren Larrion eledun abertzaleak aditzera eman duenez, "Urtaranek ez du hiritarrekin bete. Bere aurrekontuen proiektuak aldaketaren aukerak zapuzten ditu; mugikortasunaren inguruko proiektuak birsaltzen ditu eta aitzindariak izan zitezkeen proiektuak baztertzen ditu. Ez ditu gasteiztarren beharrei erantzuten. Diru gehiago daukate baina ideia gutxiago. Sinesgarritasunik gabeko aurrekontuak dira. Horregatik itzultzea eskatzen dugu”.

Udal gobernuak dezepzioa azaldu du EH Bilduk hartu duen jarreragatik. “EH Bilduren jarrera etsigarria da, agintaldiko proiektuak abian jartzeko gakoa den ekitaldia baita, alegia, aldaketaren proiektuak”, nabarmendu du udal gobernuak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago