Abenduaren 24an, Olentzerok Gasteizko haurrak hartuko ditu udaletxean, 10:00etatik 15:00etara. Folklore Akademia ere bertan izango da.
Arratsaldean, berriz,desfilea Iparralde gizarte etxetik aterako da, 18:00etan, eta ibilbide hau egingo du: Legutianoko atea, Frantzia kalea, Bake kalea, Olagibel kalea, eta Espainia plaza. Gainera, Udal Folklore Akademiak, Arabako Dantza Federazioak, Olabide ikastolak, Indarra taldeak eta Kalez Kale Vitoria-Gasteizek hartuko dute parte. Mari Domingi eta haren laguntzaileak ere izango dira hitzorduan.
19:00etan Olentzerok eta Mari Domingik udaletxeko balkoi nagusitik agurtuko ditu bertan daudenak, eta haren kanta abestuko dute guztiok batera. Ondoren, gaztainak banatuko dira, dozena 0,50 euroan, plaza Berriko hiru sarreretan.
Auzoetan ere
Erdigunean ez ezik, Olentzero ere hiriko auzoetara hurbilduko da larunbatean. Zabalganara, esaterako, ostiralean helduko da, basotik, 18:00etatik aurrera, eta Mari Dominigirekin. Hortik, kalejiran abiatuko dira auzoko ikastetxera, eta bertan izango dute txokolatada zain.
Koroatze auzoan ere ostiralean izango dute Olentzeroren bisita, 18:00etan Kutxa kalean. Hemen ere txokolatada, dantzak eta jolasak izango dituzte.
Larunbatean, berriz, Lakua-Arriaga auzoan agertuko da ikazkina, 17:00etan, hain zuzen ere. Berarekin batera egongo dira Mari Domingi, galtzagorriak, Basajaun, sorginak, akerrak eta lamiak, Arriagako parkean.
Salburun ere izango da arratsaldeko 17:00etan, eta ordu horretan kalejiran aterako dira Salburuko parketik, Gabriel Mistral kaleraino. Salburua ikastetxean txokolatada egingo dute.
Abetxukun, berriz, 17:30ean hasiko da ospakizuna, jolasekin, eta ordu erdi beranduago helduko da ikazkina, Carretera kalera. Judimendin beranduago hasiko da ekimena, 19:00etan, elizan.