Astelehenean zabalduko dute Gasteizko Gabonetako haur parkea

Mirian Biteri 2016ko abe. 22a, 09:21

Iradier Arena izango da aurtengo parkea.

Urtarrilaren 4ra bitartean, hamaika ikuskizun eta ekintzez gozatzeko aukera izango dute goizez eta arratsaldez etxeko txikienek, Iradier Arenan.

Jolasa izango du ardatz aurtengo edizioak. Irla batean gertatuko da guztia, non esploratzaile moduan parte hartzen dutenak abentura liluragarrian sartuko diren. Mapa eta iparrorratz baten laguntza izango dituzte horretarako abenturazaleek. Jolas guztietan murgildu ostean, uharteak ezkutatzen duen misterioa ezagutuko dute.

Abentura guneaz gain, askotariko jolasak aurkituko dituzte haurrek, hala nola, zezen-mekanikoa, galeoia, bola zoratua, pedaletarako txalupa, ahate-arrantza, safari trena, tirolina, F1 simulagailuak edo multimedia abentura. Betiko guneak ere ez dira faltako; tartean, tailerrak, puzgarriak edo ludoteka.

Kanpoko plazan ere ekintzak

Eraikineko kanpoaldean dagoen plazan ere izango dute neska-mutikoek zereginik: segway zirkuitua, haize-tunela, looping bike, zinema higikorra 7D eta anezka izango dituzte eskura. Guzti hori gutxi balitz, ikuskizun bereziak egongo dira egunero, 18:30ean.

Eguberrietako parkea 14 urte bitarteko umeei zuzenduta badago ere, neska-mutikoekin batera joaten diren laguntzaileentzat ere askotariko jarduerak prestatu dituzte aurten.

Bestalde, behar bereziak dituzten pertsonen integrazioa bermatze aldera, begirale pertsonalizatuak egongo dira eskatzen duten guztiei laguntzeko prest.

Umeek bi euro

Prezioari dagokionez, merkeagoa da aurten: umeek bi euro ordaindu behar dituzte, eta, helduek, berriz, euro bat. Sarrerak aurretik erosteko aukera ere badago honako webgunean: www.disporteki.com.

Honako ordutegian egongo da zabalik gunea: abenduaren 26tik 30era eta urtarrilaren 1etik 4ra (denak barne), 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etatik 20:30etara; eta abenduaren 31n, goizez.

Eguberrietako bestelako ekintzak

Gabonetako haur parkeaz gain, urtero moduan, bestelako hamaika ekintza izango dira datozen asteotan Gasteizen. Mendizorrotzan, esaterako, haur ikuskizunen erakusketaren baitan, lau emanaldi eskainiko dituzte. Tartean, Sesamo, ireki zaitez lana, abenduaren 26an; edo, Astonauta, urtarrilaren 2an. Gizarte etxeetan ere Butaka Txikia egitaraua antolatu dute aurten. Bestalde, dagoeneko zabalik dago Gabonetako izotz pista, Andre Maria Zuriaren plazan; urtarrilaren 8ra arte egongo da erabilgarri.

Horrez gain, bueltan da familia giroan euskaraz gozatzeko, Gabonetan Jai ekimena, Oihaneder Euskararen Etxean. Urtarrilaren 2tik 4ra bitartean, lau ikuskizun izango dira: Baso magikoa, Faustinarekin munduratuz, Futbolariak eta printzesak eta Kirikiñolandiako titiriteroak. Sarrera doakoa izango da da, lekuak bete arte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago