Ohiko Gabonetako Nekazaritza Azokan 143 salmenta-postu izango dira guztira, azoka egiten den 59. edizioan. Elikagai produktu sorta zabala eskainiko dute bertan batuko diren 119 saltzaileek. Abenduaren 22an antolatuko dute azoka, goizeko 09:00etatik arratsaldeko 16:00etara.
Hainbat produktu fresko eskainiko dira Gasteizko Plaza Berrian kokatuko diren saltokietan, hala nola, frutak, gozokiak, gaztak eta ogia, besteak beste. Ildo berean, bestelako elikagaientzako tokia egongo da: Arabako olioa, ekologikoak, Gabonetakoak edota Arabako patatak. Sagardoa eta taloak bezalako produktu tradizionalak bertan izango dira ere bai.
Gastronomiatik haratago
Sukaldaritza eskaintzaz gain, artisautza-produktuen erakusketa egingo dute Lehendakari Agirre kalean. Bertan, artisauek publikoari erakutsiko diote nola ekoizten dituzten azokan salgai dituzten produktuak. Zilarrezko bitxiak, ardo-zahatoak, jostailuak edota sukaldeko tresneria, esaterako. Bertaratuko diren artisauen erdiak arabarrak izango dira.
Eskorta-hegaztien erakusketari dagokionez, Arabako hainbat ustiategitako hiru ordezkarik hartuko dute parte bertan. Oilarrak, faisarrak, kapoiak eta indioilarrak ikusteko aukera egongo da.