Errekaleor Bizirikeko kideek auzoan bizitzen jarraituko dute

Erredakzioa 2016ko abe. 19a, 09:43

Gasteizko alkate Gorka Urtaranekin negoziatzeko prest daudela adierazi dute.

Errekaleor Bizirikeko kideek auzoan bizitzen jarraituko dutela argi utzi zuten larunbatean eskaini zuten agerraldian. "Udalak 20 miloi euro xahutu zituen auzoko bizilagun ohiak kanporatzen, gauzagarria zen proiekturik izan gabe. Oraindik ere, aitzakia bila ari dira gu kanporatzea justifikatzeko", azaldu dute. Hala ere, orain hiru urte auzoan bizi diren lagunen esanetan, "Errekaleor bizirik! da auzo proiektu bideragarri bat eskaintzen duen bakarra". 

Elkarrizketarako prest

Era berean, Gasteizko Udalari Auzitegi Gorenean zabalik duen auzia erretiratzeko eskatu diote. "Ez dugu uste korapilo hau bide judizialetik aska daitekeenik", eta "elkarrizketa zintzo" baterako prest daudela adierazi dute.  Hala, "publikoki eta jasandako erasoen gainetik" ,negoziatzeko deia egin diote Gorka Urtaran alkateari, beti ere, auzotik kaleratzeko "mehatxua" alde batera utzita.

"Udalak epaitegietan jar lezakeen gure aurkako salaketa oro, negoziaziorako borondate ezaren adierazletzat hartuko dugu. Zer esanik ez poliziaren indarkeriarekin", gaineratu dute Errekaleor Bizirik proiektuaren kideek. Amaitzeko,  asmo onez datorren edonori ateak zabaltzen dizkiotela azaldu dute. Baina "min ematera datorrenak aurrean izango gaitu", ohartarazi dute.

 Hala Bedi irratiaren bideoa

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago