"Curlinga erratza pasatzea baino askoz gehiago da"

Naiara Lpz de Uralde 2016ko abe. 15a, 10:05
Nagore Goldarazena eta Iosu Gabilondo izotz-pistaren atarian. | Naiara Lpz de Uralde |

Nagore Goldarazena eta Iosu Gabilondo, curling jokalariak. Bikote moduan euskarazko ekintzaren bat egin nahian, curlingeko ikastaroan izena eman zuten, eta geroztik "izotz gaineko xakea" moduan ezagutzen den kirol honek harrapatu egin ditu.

 

Nagore Goldarazena (1987, Gasteiz) eta Iosu Gabilondo (1985, Gasteiz) Harrikada curling taldearen sortzaileetako bi dira, eta haien taldekideekin batera curling-a jende artean lehiakortasunetik kanpo zabaltzea bilatzen dute.

Zergatik hasi zineten curlingera jokatzen?

Nagore Goldarazena: Egia esan, aurretik ez zigun inoiz atentziorik eman, baina duela bost urte bide erditik agertu zen. Bikote gisa euskaraz zerbait egin nahian, Udalak eskainitako curlingeko ikastaro batetan izena eman genuen, eta esperientzia hura oso polita izan zenez, kirol honekin jarraitu nahi izan genuen Harrikada sortuz.   

Egun taldeak zenbat kide ditu?

N.G: 2013. urtean hamar bazkiderekin jaio zen, baina egun hogeita hiru pertsona gara. Dena dela, momentu honetan gure ikastaroetan hamar ikasle ditugu, eta horiek datorren urtean gurekin jarraitzeko asmoa baldin badute beraiek ere taldean sartuko dira.

Oso zaila al da curlingean jokatzea?

N.G: Ez, hastapenak oso errazak izaten dira. Gure ikastaroetan, adibidez, zortzi klaserekin nahikoa izaten da jokoaren funtsa ikasteko. Baina menperatzea zailagoa izaten da, eta horrek denbora gehiago eskatzen du. Partidak 45 metrotako izotz-zelai batean jokatzen dira, eta bertan etxea deitzen dizkiogun bi diana handi daude. Lauko pertsonez osaturiko bi talde daude, eta taldekide bakoitzak birritan botatzen du harria. Jokoaren helburu nagusia harria diana horren zentrotik ahalik eta hurbilen uztea da. Izan ere, end bakoitzean –joko bakoitzean– zure harrien eta beste taldekoaren artean dauden harri kopurua gaineratzen diozu zure markagailura.  

Iosu Gabilondo: Baina ez pentsa batek harria botatzen duen bitartean besteak begira daudenik. Jaurtiketa egiterakoan taldeko bi erratza pasatzen doaz harriaren abiadura kontrolatzeko, eta laugarren bat diana barruan dago jokaldiaren estrategia kontrolatzen, harria nora edota zein efekturekin bota behar den esanez. Horretaz gain, erratza pasatu behar den edo ez erabakitzen du ere. Hortaz, kirol honetan talde lana funtsezkoa da.

Orduan, jokalari bakoitzak rol desberdin bat betetzen du?

I.G: Bai, perfektuena da talde batean lau perfil desberdin egotea. Harria lehenengoa botatzen duenak guardia egiten ona izan behar du aurkariek etxean ez sartzeko. Bigarrenak, ordea, besteen harriak kentzeko trebetasuna izan behar du, eta hirugarren eta laugarrenak harriak ahalik eta hoberen uzten saiatu behar dira.  

Eta jokalari batek izan behar dituen ezaugarri fisikoei dagokienez?

N.G: Berez, curlingak duen gauzarik hoberenetariko bat edonork jokatu dezakeela da. Ongi aritzeko kontzentrazioa, zehaztasuna eta estrategia handia behar da, eta ez esfortzu fisiko handirik. 

I.G: Egia da maila profesionaletan indarra izatea beharrezkoa dela, baina gure mailan egoera fisikoa mantentzearena ez da funtsezkoa. Gurekin adineko jendea lasai asko aritzen da. Hortaz, curlinga familian edota bikotearekin batera egiteko oso kirol aproposa da!

Eta zeintzuk dira arau nagusiak?

I.G: Harriak eremu baten barruan bota behar dira, marra bat zapaldu aurretik jokalariak harria utzi behar du, eta gero harri horrek beste marra bat zeharkatu behar du,…Txapelketetan epaileak arau guztiak betetzen direla kontrolatzeko daude, baina egia esan, ez dira beharrezkoak izaten dena gure artean konpontzen dugulako. Joko honetan fair play edo "curlingaren arima" moduan ezagutzen den zerbait dago, eta hori mundu guztiak betetzen du. Adibidez, norbaitek nahigabe aurkariaren harria ukitzen baldin badu bere akatsa besteen aurrean onartzen du jokalarien artean errespetu handia dagoelako.

N.G: Bestalde, idatzi gabeko arauak ere daude: kontrakoek akats bat egiterakoan zure taldea ezin da txaloka eta ospakizunetan hasi, edota partida bukatzerakoan irabazleek galtzaileei pote bat ordaindu behar diete. Modu horretan, oso giro polita sortzen da, eta atzerriko jendearekin ere harreman estuak egiteko aukera dugu.

Zein da jokatzerakoan erabiltzen duzuen materiala?

I.G: Funtsezko materiala 20 kiloko granitozko harriak dira, oso arinak diren erratzak, eta zapata berezi batzuekin. Harrien oinarria, adibidez, Eskoziako irla bateko harrobi batetik ateratako granitoarekin egiten denez oso garestiak dira. 

N.G: Bai, harri bakoitzak 600 euro  inguru balio dezake, baina erratzak eta zapatak ere ez dira atzean geratzen! Hasiberriek trekkingeko zapatilak erabiltzen dituzte, eta gero tefloia duen txankleta moduko bat jartzen dute oin batean izotzean labaintzeko. Baina noski, maila profesionalago batean jokatzeko, tefloizko zola bat duen zapata bereziak erosi behar dira.

Orduan, oin batean tefloia jartzen duzue izotzean gehiago irristatzeko?

N.G: Bai. Jendeak izotz pista on batean sartzerakoan labaintzen zarela uste du, baina hori ez da egia. Izotza lehorra bada ez du irristatzen. Kontua da harria botatzerakoan oin bakar batean sostengatu behar zarela, hortaz momentu horretan aurrera jarraitu ahal izateko irristatzen duen zerbait behar duzu. Aldiz, erratza pasatzerakoan, goma bat jarri ohi dugu tefloiezko zolan, seguruago ibiltzeko.

 

Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 86. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide