Elkartasunera deitu dute auzipetuek, 10.000 euroko isunei aurre egiteko

Erredakzioa 2016ko abe. 13a, 13:32

Auzipetuak Gasteizko epaitegien kanpoaldean egin dute agerraldia. Irudia: Hala Bedi

Gasteizko Harresian desobedientziagatik auzipetutako zortzi gazteak ez dira epaiketan agertu.

Gaur Gasteizko epaitegian desobedientzia egotzita deklaratzera deituta zeuden zortzi auzipetuak ez dira epaiketan izan, eta hala, desobendientziaz erantzun dute Gasteizko Harresian atxilotuak izan ziren zortzi gazte hauek. "Ez dugu uste inolako zigorrik jaso behar dugunik horrelako ekimen bat burutzeagatik, oso legitimoa iruditzen zaigu", zehaztu du Izaskun Goienetxeak epaitegien aurrean egindako adierazpenetan.  Gasteizko Harresia mugimenduko kide Zigor Olabarriak gaineratu duenez, "hautu desobedientea erabaki kolektiboa izan zen, eta orain, guztiok gara epaituak".

Epaiketa, hortaz, auzipetuen presentziarik gabe egin dute, eta bitartean, kanpoan elkarretaratzea egin dute zenbait lagunek, tartean, zortzi auzipetuak. Orain, epailearen erabakiaren zain geratu dira, eta aurreikusten den 10.000 euro inguruko isunei aurre egiteko elkartasunera deitu dute. Laguntzak jasotzeko kontu korronte zenbakia jarri dute eskura.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago