Larunbatean zabalduko dute Gabonetako Azoka

Erabiltzailearen aurpegia Daniel Sanz Moreno 2016ko abe. 12a, 15:48

Joan den urteko azokarako sarbidea.

40 saltoki jarriko dituzte guztira, Foru plazan kokatutako karpan. Urtarrilaren 6ra arte egongo da zabalik.

Abenduaren 17tik urtarrilaren 6ra arte Foru plazan kokatuko dute ohiko Gabonetako Azoka. Dendariek hainbat artisau-produktu eskainiko dituzte bertan: zilarrezko bitxiak, zurezko eskulanak, ilustrazioa, larrua, zeta, kosmetika eta abar. Eskulangileak zenbait lekutatik etorriko dira, baina tokikoak izango dira nagusi. Izan ere, saltokien herenean Gasteizko profesionalak arituko dira.

Gabonetako azokaz gain, bestelako jarduera batzuk antolatuko dituzte. Haurrentzako puzgarria jarriko da, begirale elebidunen laguntzarekin. Bestetik, abenduaren 19, 24 eta 31n eta urtarrilaren 5ean haurrentzako lantegiak egingo dira, euskaraz eta gaztelaniaz: eguberrietako postalak eta orri-markatzekoak egitea edota material birziklatuz musika-tresnak sortzea, besteak beste.

Aurtengo ordutegia

11:00etatik 14:30era izango da goizeko ordutegia, eta arratsaldez 17:00etatik 22:00etara. Hala ere, salbuespen batzuk izango dira eguberrietan zehar: 24an eta 31n ordubete lehenago itxiko dute gauean, urteberri-egunean arratsaldez besterik ez dute irekiko, eta urtarrilaren 5ean ez da etenaldirik egongo eguerdian.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago