Udaltzaingoak 48 txirrindulari ohartarazi zituen trafikoaren ordenantza ez betetzeagatik, azaroaren bukaeran egindako bide-segurtasuneko kanpainaren barruan.
Kanpainaren helburu nagusia kaskoa eta argiak zuzen erabiltzen ziren egiaztatzea zen, baina beste alderdi batzuk ere hartu zituzten kontuan: bizikletek txirrinarik zuten, erabiltzaileek entzungailurik zeramaten, mugikorrez hizketan zihoazen edo erdialdeko zirkulazio ordutegia betetzen zuten.
Asmoa ez da isunak jartzea izan, Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok azaldu bezala, "baizik eta jakinaraztea zer dioen arauak horretaz, eta txirrindulariei ikusaraztea hori segurtasunaren mesederako dela, bai haientzat bai bide publikoaren gainerako erabiltzaileentzat".
Zehazki, Udaltzaingoak hamabost kontrol egin zituen Gasteizko bederatzi kale eta plazatan, baita erdiguneko oinezkoen alderdian ere, astebetez. Kontrolatutako txirrindularietako 48ri egin zitzaien ohartarazpenen bat, hainbat arrazoirengatik, hala nola, argirik ez eramatea (15 txirrindulari), kaskorik gabe zirkulatzea 16 urtetik beherakoa izanda (12), espaloitik zirkulatzea (8), baimendutako ordutegitik kanpo zirkulatzea (6), txirrinarik gabe zirkulatzea (5), entzungailuak jarrita zirkulatzea (1) eta telefono mugikorrez hizketan ari zela zirkulatzea (1).
Kontrolak hamabost leku hauetan jarri zituzte: Luis Heintz (3), Frai Francisco (3), Manuel Iradier (2), Gorbeia (2), erdiguneko oinezkoen alderdia (1), Gaztelako atea (1), Andre Maria Zuriaren plaza (1), Koldo Mitxelena-Micaela Portilla eta (1) Korazonisten kalea (1).