Marrazki eta ilustrazio azokaren bigarren edizioa egingo dute abenduan

Erabiltzailearen aurpegia Daniel Sanz Moreno 2016ko abe. 7a, 09:00

Iaz Mazokaren lehen edizioa egin zuten.

Mazoka abenduaren 16tik 18ra izango da, eta iaz baino egitarau zabalagoa eskainiko du. 

Mazoka Ilustrazio eta Marrazkiaren azoka egingo dute abenduaren 16, 17 eta 18an, Montehermosoko ur-biltegian. Aurtengo egitaraua iazkoa baino zabalagoa izango da. Izan ere, kontzertu eta familientzako lantegiez gain, ekimen berriak antolatuko dituzte. Hala nola, artisten sorkuntzen zozketa, eta Ilustrazioaren lehen Jardunaldi Profesionalak. Antolatzaileen esanetan, ilustrazioaren profesionalentzat zein zaleentzat Gasteiz estatu mailan erreferentzia bihurtzea da jaialdiaren helburua.

Azokaren aurretik, abenduaren 14 eta 15ean, bi ilustrazio erakusketa inauguratuko dituzte, eta  Ilustrazioaren lehen Jardunaldi Profesionalak egingo dira. Orobat, profesionalentzako lantegi bat izango da, bai eta sektorean ospetsuak direnen hitzaldiak eta maisu eskolak.

Egitaraua

IlustrApados en Araba elkarteak antolatzen duen jaialdiaren ekarpen nagusia erakustaldia izango da: sarrera doakoa izango da, eta egileak arduratuko dira ekarritako materiala erakusteaz. 40 ilustratzaile, marrazkilari eta ikusizko artisten lanak bilduko dira azokan, sortzaile hasiberriak zein eskarmentu handikoak. Artista gehienak bertakoak izango dira.

Bestalde, Mazokaren barruan marrazketarekin eta ilustrazioarekin lotutako bestelako jarduerak antolatu dituzte: familientzako lantegiak, zuzeneko erretratuak eta musika emanaldiak. Halaber, umeentzako eremu bat ere egokituko dute, txikiek zein nagusiek marraztu dezaten. Amaitzeko, parte-hartzaileen ilustrazioak eta marrazkiak zozketatuko dira.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago