Gorka Urtaran alkateak eta Peio Lopez de Munain lehen alkateordeak 2017ko aurrekontu-proiektua aurkeztu dute. Inbertsioetara aurrekontua nabarmen igo dute, "agintaldi honetako egitasmo nagusiei behin betiko bultzada emateko". EAJ-PSEren gobernu-taldeak kontuetan aurreikusitakoaren arabera, obra publiko ugariri ekingo zaio, eta besteak beste, kirol-instalazioak hobetzeko, Gasteiz Antzokiaren proiektua abian jartzeko, tranbia luzatzeko eta BRT ezartzeko partidak aurreikusi dira. Era berean, birgaitzeko eta eraberritzeko lan batzuen hasiera sartu da aurrekontuetan: Koroatzearen auzoari eta Santa Barbara plazari dagozkionak, hain zuzen ere.
Aurrekontua oro har %3,70 haziko da, 2016ko 348,2 milioi eurotik 2017ko 361,1 milioi eurora. Datorren urterako inbertsio ahalegin handia egin nahi du gobernu-taldeak, 29,15 milioi euro orotara.
Datoren urtean, esaterako, Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiak ekarpen handiagoa egingo diote hiriari. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak bikoiztu egin du hiriburutza kanona (5 milioi eurotik 10 milioira) eta Aldundiak 2,5 milioi euroko ekarpen berezia aurreikusi du, gehi FOFELen hazkundea (ia 10 milioi euro gehiago). Zerga, tasa eta prezio publikoen diru-bilketa, ordea, 2016ko mailatik pixka bat azpitik geratuko da.
Oposizioaren kritika
Eh Bildu Gasteiz udal taldearen arabera, EAJ-PSE taldeek 2017rako aurkeztu duten aurrekontu proiektuak "ez du gauzatzeko bermerik ematen, ia 13 milioi euro baino gehiago izan arren".
Aurten Urtaranek aurrekontuen akordioa ez duela bete gogoratu du udal taldeak. "Hitzetatik ekintzetara pasatzeko unean gaude, Urtaren ez da gai izan aurrekontuen akordioa betetzeko. Horrela oso zaila da gainditzea", azaldu du EH Bildu Gasteizko bozeramaile Miren Larrionek. Aurkeztu berri duen proposamen honetan "proiektuak zerrendatu ditu, hain zuzen, aurten gauzatu ez diren horiek".
Inbertsio nagusiak
Aurrekontua bereziki bi sailetan handituko da: Ingurumena eta Espazio Publikoa eta Gizarte Politikak. Lehen sailari dagokionez, inbertsio garrantzitsuenak hirigunea biziberritzeko Bost Enparantza plana (1.200.000 euro 2017rako) eta Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz partaidetza-programarekin lotutako esku-hartzeak (guztira 3 milioi euro, zeinetatik 1.738.260 euro gastatuko baitira 2017an) dira: Konstituzio plazako irisgarritasuna hobetzea, Latinoamerikako biribilgunea lurperatzeari buruzko azterlana, Errota kalea birmoldatzea, bidegorri berriak eta haur jolas egokituak jartzea, etab. Koroatzearen auzoa birgaitzeko SmartEnCity proiekturako 750.000 euroko partida esleitu da.
Gizarte politikak
Gizarte politiken arloan, zuzkidura ia zazpi milioi euro igo da. Horrek ahalbidetuko du Udalak osorik bere gain hartzea Etxean Laguntzeko Zerbitzua, 10.500.000 euroko aurrekontua izango duena. Orobat, 319.000 euro handitu da adinekoentzako zentro soziokulturalak kudeatzeko aurrekontua, baita haurren eskubideak babestu eta aitortzeko partidak ere, 2018an Gasteiz ‘Haurren lagun den hiria’ izendatzeko helburua lortzearren. Prestazioen alorrean handitu egin da gizarte larrialdiko laguntzetarako aurrekontua, eta pobrezia energetikoaren kontra borrokatzeko diru-kopurua mantendu egin da.
Tranbia eta autobus azkarra
Era berean Zabalgana gizarte etxea eraikitzeko lanak bukatzeko eta hura irekitzeko zenbatekoa 6 milioi eurotik gorakoa izango da. Garraio publikoaren arloan, Udalak Tuvisari sematen dion ekarpena ia milioi euro bat igoko da, autobusak berritzen jarraitzeko; horretaz gain, Gasteizko Udalak tranbia luzatzeko (1.139.625 euro) eta BRT ezartzeko (440.000 euro) partidak aurreikusi ditu. "Datorren urtean tranbia hegoalderantz luzatzen hasiko da, eta 2018an, Salbururantz", erantsi du Gorka Urtaranek.
Gasteiz Antzokia eta Emakumeen Etxea
2017ko aurrekontuan jasotako ekipamendu berrien artean Gasteiz Antzokia aurkitzen da. Datorren urtean 250.000 euro bideratuko dira horretarako, 2018an, beste hainbeste. Kultura Eratzen zentroa (332.000 euro) eta Emakumeen Etxea (100.000 euro) sortzeko partidak ere aurkitzen dira aurrekontu-proiektu honetan.
Horiei auzoetako ekipamenduak gehitu behar zaizkie: Adurtzako eta San Ignazioko pilotalekuak eta Borinbizkarra eta Elexaldeko jolas-eremuak. Kirol ekipamenduei dagokienez, 1.000.000 euro jarriko dira udal futbol-zelaiak berritzeko, 600.000 euro inbertituko dira Beti Jai pilotalekuak eraberritzeko, eta hiriko lehen parkour parkea sortuko da (100.000 euro).
Aparkaleku berriak
Udalaren aurrekontuan lehenengo aldiz islatu da agintaldiko beste proiektuetako bat, Aranan jartzekoa den silo aparkalekua eta horri 300.000 euro esleitu zaizkio. Orobat, Europa biltzar jauregiko aparkalekua eraberritzeari ekingo zaio, aurreko gobernu-taldeak ez baitzuen hori gauzatu ekipamendua birmoldatu zuenean; horretarako 350.000 euro gorde dira.
2017ko aurrekontuan ere zorra murrizten jarraituko duela adierazi du gobernu-taldeak. Horrekin lotuta, 17.128.730 euro aurreikusi dira zorra amortizatzeko, eta 12 milioi euro joango dira finantza-pasiboen kontzeptuan, beraz, Udalaren aldeko 5 milioi eurotik gorako saldoa izango da. Era berean, zulo ekonomikoaren murriztea 6,6 milioi eurotan kuantifikatu da.