Biktimak elkartuko dira bake eta bizikidetza jardunaldietan

Erredakzioa 2016ko aza. 28a, 11:00

Asteazkenean izango da Juan Jose Ibarretxe. / Alea

Martin Pallin, Iñigo Iruin, Juan Jose Ibarretxe eta Rosa Rodero izango dira, besteak beste, Gasteizko Europa jauregian.

Gaur hasi eta asteazkenera bitartean, Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea jardunaldiak egingo dituzte Gasteizko Europa biltzar jauregian, Sare plataformak antolatuta. Magistratuak, ETAren, GALen eta sakabanaketaren biktimak zein erakundeetako arduradunak bilduko dira Gasteizen, bakearen lorpena eta gatazken konponbidea aztertzeko. Ekimenaren helburua "giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde egitea" dela azaldu du sareko ordezkari Amets Martinezek. 

Egitaraua

Gaur, azaroak 28, Sakabanaketa, zigor penalen zenbaketa bikoitza eta salbuespenezko legedia izeneko mahainguruan parte hartuko dute Martin Pallin magistratuak, Iñigo Iruin abokatuak eta Iñaki Lasagabaster administrazio zuzenbideko katedradunak.

Asteartean, azaroaren 29an, indarkeria mota desberdinetako biktimen testigantzak entzuteko aukera izango da. Sufrimenduari ateak itxi eta itxaropenari leihoa ireki izenburupean ariko dira Unai Gonzalez Azua dispertsioaren biktima, Rosa Rodero ETAren biktima, Carmen Galdeano GALen biktima eta Sara Buesa ETAren biktima.

Jardunaldiei amaiera emango die Gizartea gatazkaren konponbiderako eragile gisa solasaldiak, asteazkenean. Mahaiaren bueltan izango dira Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia, Julen Mendoza Errenteriako alkatea eta Anaiz Funosas Bake Bidea elkarteko kidea.

Guztiak 18:30ean izango dira, Europa jauregian.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago