Gasteizen txakurrak pozoitzen ari diren frogarik ez dago. Udalak hala esan du eta alarma faltsua dela adierazi du. Hiriko albaitari-klinikek ez dute pozoitutako txakurren kasurik antzeman, eta azken asteetan udaltzainek jasotako laginetan toxikorik ez da agertu. Azalpenak eman behar izan ditu Udalak azken asteotan hirian sortu den ezinegonagatik.
Osasun Publikoko zinegotzi Peio Lopez de Munainek komunikatu batean jakinarazi du 2014. urtetik ez dela "inongo toxikorik" topatu hiriburuko parke eta lorategietan. Halaber, esan du azken asteotan, udaltzainek jasotako 13 lagin aztertu direla udal laborategian eta ez dutela toxikorik aurkitu. Lopez de Munainek gaineratu du hiriko hogei albaitari-klinika baino gehiagorekin jarri dela harremanetan osasun publikoaren udal zerbitzua, eta klinikek txakurren pozoiduren inguruko kasu bat ere ez dutela antzeman.
Osasun Publikoaren zinegotziaren aburuz, udazken-sugearen aurrean gaude, ez errealitate baten aurrean. "Ez dago txakurrak pozoitzen ari ote diren inolako frogarik, eta hala ere, bai albaitariek, udaltzaingoak eta osasun publikoak ere, haien lana betetzen ari dira eta horrekin erne daude".
EH Bilduko zinegotzi Iratxe Lopez de Aberasturi ez dator bat Udal Gobernuak esandakoarekin. Pasa den irailaren 29an, pozoitua izan zen txakurra hil egin zela azaldu zuen.
Udalak jarduera-protokoloa du, 2011. urtetik ustezko pozoidura kasuak ekiditeko. Eskuliburu horretan aurreikusita dago gai susmagarrien azterketa egitea kalean animaliaren bat hil dela erregistratzen denean, eta heriotza eragin ahal izan dion produktua eskura izaten denean. Gainera, protokoloak albaitari-txostena egitea eskatzen du.
Elkarretaratzeak
Pozoitzearen inguruko alarma animalien alde lan egiten duen Apasos elkarteak zabaldu du, eta are gehiago, ustezko pozoidura kasuak salatzeko mobilizazioa deitu dute abenduaren 17an, 12:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan. Ez da egiten duten lehen manifestazioa, pasa den urriaren 29an ere elkarretaratzea egin zuten toki berean.
Elkarteak jakinarazi du, pasa den astean, Zabalganako Sofia Erregina kalean txakur bat pozoitu zutela. Antza, onik irten zen txakurra, jabeak garaiz eraman zuelako albaitarira. Bestalde, Apasosen esanetan, bestalde, Santa Luzia auzoan egun batzuk lehenago beste txakur bat pozoitu zuten, eta hil egin zen.
Kasu horien harira, Apasos elkarteak arretaz ibiltzeko eskatu die jabeei, eta besteak beste, honako gomendioak helarazi dizkie: animaliari muturrekoa jartzea, eta zerbait susmagarria ikustekotan, hori grabatzeko eta poliziari deitzeko.
Plataforma berria
Bestalde, piztutako alarmaren harira, eta animalien eta herritarren arteko bizikidetza sustatze aldera, Ladras, yo si! izeneko plataforma sortu zuten pasa den astean. Pilar auzoko gizarte etxean elkartutakoek ohartarazi zuten animalietan ez ezik, parkeetan dabiltzan lagun eta umeengan ere eragina izan dezakeela pozoiak. Hori horrela, agintariei neurriak hartu ditzatela exijitu zieten; eta, bitartean, Apasos elkarteak emandako gomendioak jarraitzea eskatu zieten animalien jabeei. Horrez gain, EAE-ko legedia kritikatu zuten.