Tabuak deusestatuz

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2016ko aza. 24a, 13:27

Alicia txikiaren hilketa salatzeko elkarretaratzea.

Emakumeengako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, haurren kontrako "indakeria patriarkala" ikusgai egin nahi du Gasteizko mugimendu feministak, eta tabua eraitsi.

 

Adingabekoek jasaten duten indarkeria ezkutuko errealitatea dela salatu du Gasteizko mugimendu feministak, eta Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, haurtzaroko indarkeriaren inguruko tabua deuseztatzeko premia azpimarratu du. 

Mugimendu feministaren aburuz, umeen kontrako indarkeria salatzea "ia ezinezkoa" bilakatzen da, eta gainera, salaketa jartzea lortzen den kasuetan, "adingabekoaren ahotsa ez da kontuan hartzen, jorratu beharreko bidea oztopoz beteta baitago". Haatik, feministek emaniko datuen arabera, lau neskatik batek eta zazpi mutiletik batek abusu sexuala jasan dute haurtzaroan.

Halaber, haurrek haien amek jasaten duten indarkeria, edo etxe barruan eta familian gertatzen diren indarkeria ororen biktima zuzenak direla nabarmendu du mugimendu feministak, baina instituzioen erantzuna ez dagoela egoeraren parean. Adibide gisa jarri dute joan den urtarrilean gertatu zen Alicia txikiaren hilketa genero indarkeria bezala ez dutela kontuan hartu. "Amaren bikoteak hil zuen Alicia baina Eusko Jaurlaritzak ez du genero indarkeria gisa ezaugarritu". Arduradun politikoei eta judizialei pausuak emateko exijitu die mugimendu feministak, egoera iraultzeko eta "isiltasunaren itunarekin" apurtzeko. Gasteizko feministek indarkeria eta bortxa egoerak amaitzeko konpromisoa berretsi dute, nahiz eta jakin "erantzuteko gaitasuna areagotzen dugun neurrian mugimendu feministaren kontrako kriminalizazioa indartu egiten dela". 

Jardunaldiak eta mahai-ingurua

Bestetik, Gasteizko Berdintasun Zerbitzuak indarkeria matxistaren biktimentzako Justizia berriztatua eta erreparazio soziala izeneko jardunaldia antolatu du, azaroaren 28 eta 29rako, Goiuri jauregian. Bestalde, Arabako Emakumeen Asanbladaren 40. urteurrenaren harira, mahai-ingurua antolatu du Asanbladak, azaroaren 30ean Aldabe gizarte etxean. 40 urtez Gasteiz feminista eraikitzen izeneko mahai-inguruan, antolatzaileekin batera, parte hartuko dute Gasteizko Bilgune Feministak, 7menos20-k eta NeGeAk taldeak.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago