Tranbia, trena lurperatzea eta ikastetxe berriak aurreikusten ditu EAJ-PSE akordioak

Erredakzioa 2016ko aza. 22a, 17:24
Iñigo Urkulluk, Andoni Ortuzarrek eta Idoia Mendiak sinatu dute akordioa.

Hiriburutza kanona handitzea eta Foronda indartzea ere adostu dute bi alderdiek, izenpetu duten gobernu akordioan.

Gaur goizean EAJk eta PSEk sinatu dute gobernu akordioaren balioa nabarmendu du Gasteizko Udalak, besteak beste, hiriburutza kanona handitzeko eta mugikortasun zein hezkuntza azpiegiturak bultzatzeko egindako apustua goraipatu du. Kanonari dagokionez, ez dute kopururik zehaztu, baina Iñigo Urkulluk bikoiztuko zuela adierazi zuen, 10 milioi eurora helduz.

Tranbia eta trena lurperatzea

Garraio azpiegiturek, esaterako, lehentasuna dute gaur aurkeztu den agirian. Zehazki, EAJk eta  PSEk hitzeman dute hirian trenbidea lurperatzearen alde lan egingo dutela. Horrez gain, lankidetza publiko-pribaturako Basque Country Logistics eredua sustatuko dute plataforma logistiko eta intermodalak garatzeko, Jundiz-Forondakoa, esaterako.

Tranbiari dagokionez, gobernu akordioak unibertsitateraino eta Salbururaino luzatzeko konpromisoa hartu du, gerora Zabalganera luzatzeko asmoarekin. Autobus azkarra edo BRTari dagokionez, akordioak ez du aipamenik egiten, baina gaur EAJko presidente Jose Antonio Susok Ser irratian konfirmatu bezala, autobus lasterraren proiektua gobernuaren programaren barruan egongo da.

Ikastetxe berriak

Lehen eta bigarren mailako ikastetxe berriak eraikitzea ere aurreikusten du akordioak, zehazki, Zabalganeko institutua eta Errekabarri ikastetxea aipatzen dira. Ez dira agertzen Salburuko institutua edo Borinbizkarrako Aldaialde ikastetxea, EH Bildu Gasteizek sare sozialen bitartez salatu duen moduan.

Garoña eta fracking-a

Beste alde batetik, "Garoña ixteko eta fracking teknika ez erabiltzeko konpromisoa" berretsi dute EAJk eta PSEk, sinatutako akordioaren arabera.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide