EH Bildu Gasteiz udal taldeak hiriaren garbiketaz arduratzen den FCC eta GMSN aldi baterako enpresa-elkarteak langileen lan baldintzak betetzen ez dituela salatu du beste behin.
"Nahierara egindako kontratazioak eta kutunkeria salaketak jasotzen jarraitzen dugu, eta horren eraginez, aldi baterako enpresa-elkarteak udalarekin sinatutako kontratuan jasotzen dituen baldintzak ez dira betetzen. Ikerketa behar duten kasuak dira", adierazi du EH Bildu Gasteizko zinegotzi Aitor Miguelek.
Gaur goizean udal taldeak egin duen agerraldian, FCC enpresako langile batek hartu du hitza, eta kutunkeriaz egindako ekintzak salatu ditu. "Istripu larri baten ondorioz bota ninduten kalera. Ezbeharra komunikabideetan atera zen, nik zerikusirik izan gabe, eta hala ere, enpresak kaleratu egin ninduen informazio hark enpresa-elkarteari kalte handia egin ziola argudiatuz", azaldu du langileak.
Langilea lanera itzultzen saiatu zen, hautaketa-prozesu baten bitartez, baina ez zuen lortu. "Bitartean, lagunak eta enpresaren nagusien hurbileko pertsonak lan egitera sartu dira”, salatu du langileak.
Egoera "larritzat" jo du EH Bilduk, "era arbitrarioan egiten ari diren zenbait kontratazio" ez direlako kontrolatzen. "Beharrezkoa da FCCren irregulartasun hauek guztiak argitzea", gaineratu du Miguelek. Datorren abenduaren osoko bilkuran ikerketa-batzorde baten eraketa eskatuko du udal taldeak.