Espainiako Musika Sari Nazionala irabazi du Juanjo Menak

Erredakzioa 2016ko aza. 21a, 17:15
Juanjo Mena orkestra zuzendaria. / Alea

Musikagile gasteiztarraren ibilbide profesionala goraipatu dute, "munduko orkestra garrantzitsuenetan" egindako lanagatik.

Azken hamarkadan "nazioarteko agertoki nagusienetan eta orkestra garrantzitsuenetan" egindako ibilbideagatik, Espainiako Musikaren Sari Nazionala irabazi du Juanjo Menak (Gasteiz, 1965). Halaber, musika zabaltzeko "konpromisoa" goraipatu du epaimahaiak, "klasikoa zein garaikidea, kontzertu areto eta grabazio estudioetan".  

Gaur egun BBC Philharmonic Orchestrako zuzendari titularra da Juanjo Mena. Lehenago Bergen Filharmoniske Orkesterreko zuzendari gonbidatu nagusia izan zen (2007-2013), Genovako Teatro Carlo Feliceko zuzendari gonbidatu nagusia (2007-2010) eta Bilboko Orkestra Sinfonikoko zuzendari titular eta artistikoa (1999-2008).

Halaber, hainbat musika talde zuzendu ditu, besteak beste, Oslo Filharmonien, Orchestre National de France, Capitole de Toulouse, Orchestra Filarmonica della Scala, Orchestra Sinfonica Nazionale della RAI, Münchner Rundfunk Orchester, Dresdner Philharmonie, Goteborg Symphoniker, Danish National Radio, Netherlands Radio Philharmonic, eta baita Espainiako orkestra nagusienak. 

Opera zuzendari moduan, errepertorio erromantikoko obra handiak zuzendu ditu. Nabarmentzekoak dira, Der fliegende Holländer, Salome, Elektra, Ariadne auf Naxos, Duke Bluebeard edo Erwartung eta beste hainbat produkzio, adibidez Eugene Onegin Genovan, La vida breve Madrilen, Le nozze di Figaro Lausannen eta Billy Budd Bilbon.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide