EH Bildu Gasteizko udal taldeak BRTaren aldeko apustua adierazi du, gaur goizean alderdiaren Gasteizko bozeramaile Miren Larrionek eman duen prentsaurrekoan azaldu bezala. Hori dela eta, proiektua "arduraz eta ganoraz" zuzentzeko konpromisoa hartu du. Izan ere, azken asteetan autobus azkarraren proiektuaren inguruko zalantza ugari agertu dituzte udal talde politikoek.
BRTa martxan jartzeko, Eusko Jaurlaritzak finantzazioa publiko-pribatua izatea proposatu du eta guztira, 100 milioi euroko gastua izango luke. Orain, EH Bilduk tranbiarekin erabili zen antzeko finantzazio sistema proposatu du. "68 milioi inguruko gastua izango luke. Finantzazio publiko zuzenaren bidez egiten bada, 32 milio euro aurreztuko lirateke", gaineratu du Larrionek.
Era berean, proiektua hobetzeko bestelako proposamenak egin ditu alderdiak, besteak beste, material birziklatuak eta karbono gutxikoak erabiltzea, "Gasteiz eraikuntza jasangarriaren abanguardian jartzeko". Adibidez, obrako arkitekturan tokiko egurra erabiltzea proposatu du EH Bilduko zinegotzi Aitor Miguelek, "tokiko enpresak eta enplegua sortzeko aukerak bultzatzeko helburuarekin".
Azkenik, proiektua aurrera eramateko mahai tekniko-politiko sortzeko eskatu du udal taldeak.