Union Carbide Productions taldeko ohiko kideek bat egingo dute berriro eta datorren urteko ekainean Gasteizen izango dira, ARF jaialdian. Gasteizen egingo duten kontzertuan bandako kide originalek hartuko dute parte: Ebbot Lundberg ahotsean, Patrik Caganis eta Björn Olsson gitarran, Henrik Rylander baterian, Adam Wladis eta Per Helm baxuan. Horrez gain, The Soundtrack of Our Lives taldeko Billy Cervin izango da gitarrarekin.
Rock talde arrakastatsua izan zen Union Carbide Productions, 80ko eta 90ko hamarkadetan. Kurt Cobain eta Sonic Youth bezalako artistek adierazi zuten taldea euren gogoenetarikoen artean zegoela. Talde suediarra 1993. urtean desegin zen, baina beste musika banda eratu zuten Ebbot Lundbergek, Ian Personek eta Björn Olssonek, The Soundtrack of Our Lives izenekoa.
Momentuz, lau taldek konfirmatu dute 2017ko Azkena Rock jaialdian izango direla: Cheap Trick, Union Carbide Productions, Inglorious eta Crank County Daredevils. Bi eguneko abonamendua 75 euroan eros daiteke.