Abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra bitartean Eguberrietako haur parkea egongo da zabalik, Iradier Arenan. Aurten ere Gasteizko Udala arduratuko da kudeaketaz.
Oraingoan abentura-uharte bihurtuko dute Iradier Arena. Irla honetan umeek azken saria lortzeko, plano eta iparrorratza baten laguntzaz, uhartearen sekretuak asmatu beharko dituzte. Eta atrakzioetan ematen dituzten zigiluak lortuz gero, oroigarri polit bat eskuratuko dute amaieran.
Uharteko sekretuez gain, urte honetako programak familia osoarentzat zuzenduriko hainbat jarduera ezberdin barne hartzen du; hala nola, clownak, magia ikuskizunak, ipuin-kontalaria, txikidance, antzerkia, txotxongiloak, masterclass eta dance klaseak...
Ordutegiak eta prezioak
Ordutegiei dagokienez, goizez 10:00etatik 14:00etara egongo da irekita, eta arratsaldez 16:30etik 20:30era, abenduaren 31n izan ezik.
Sarrerak webgune baten bidez aldez aurretik erosi ahal izango dira. Saio bakoitzeko adingabeek bi euro ordaindu beharko dituzte, eta helduek, ordea, euro bakarra.
Bestetik, behar bereziak dituzten pertsonen integrazioa bermatzeko, begirale espezializatuak izango dira eskatzen duen orori laguntzeko.