Ikus-entzunezkoak eta mendia uztartzen dituzten jardunaldien beste edizio bat egingo dute egunotan Vital Fundazioa aretoan. Bertan, mendiari lotutako ikus-entzunezkoak ikustearekin batera, kirolariek eta mendizaleek euren esperientziak partekatuko dituzte Gasteiz Mendi taldeak eta Vital Kutxak antolatzen duten hitzorduan. Saioak 20:00etan hasiko dira eta, sarrera dohain izango bada ere, beharrezkoa da aldez aurretik gonbidapena jasotzea Mendi taldearen egoitzan. Azaroaren 14an, 16an eta 18an izango dira saioak.
Inaugurazio-jardunaldia gaur izango da, hilak 14, eta Iker Carrera mendi korrikalaria izango du protagonista. Trail Runninga, norbera hobetzeko bidea proiekzioa aurkeztuko du eta proiekzioan kirol horretan duen esperientzia kontatuko du.
Asteazkenean beste jardunaldi bat egingo dute, Alex Txikon mendizalearen eskutik. Nanga Parbateko neguko lehenengo igoera (8.126m) erronka lana eskainiko dute. Lemoako eskalatzailea, Ali "Sadpara" pakistandarrarekin eta Simone Moro italiarrarekin Nanga Parbateko gailurrera nola iritsi ziren azalduko du proiekzioak, bai eta aukeratutako ibilbidearen zailtasun teknikoak ere.
Jaialdiaren amaiera, azaroaren 18an izango da, Groenlandian zeharkako espedizioa lanaren eskutik. Topaketa horretan, Nafarroako hiru espedizionariok, zeharkaldi eskiak eta kometak erabiliz, Groenlandiaren hegoaldea eta iparraldearen artean egindako 2.400 kilometroko zeharkaldia kontatuko du Fernando Belzuncek.