Auzoak, gertuago

Anakoz Amenabar 2016ko aza. 11a, 10:01

Besteak beste, Zabalortu egitasmoa ezagutuko dute auzokideek larunbatean. / I. Estarrona

Hirigintzan aditua den lagun baten eskutik, Zabalganako esperientziak aurkeztu eta auzoak dituen beharrak ezagutuko dituzte larunbatean; hiriko beste leku batzuetan ere antolatuko dituzte Janeren Ibilaldiak.

Hiria ezagutzea. Ibilaldia egin eta eskaintzen dituen aukerak eta dituen gabeziak antzematea. Helburu hori du Janeren Ibilaldiak egitasmoak, Jane Jacobs AEBetako ekintzaile eta hirigintza adituaren omenez antolatutako jarduerak. Munduko milaka herritan egin dituzte halako ibilaldiak, eta Gasteizen larunbatean egingo dute, Zabalgana bertatik bertara ezagutzeko asmoz.  

Beharrezko gune berdeak ote ditu auzoak? Haurrentzako gunerik al da? Egokiak al dira etxebizitzak? Horiek eta beste batzuk erantzuten saiatuko dira hilaren 12ko ibilaldian. Zabalganako ikastetxetik abiatuko dira, 12:00etan, eta bi orduko ibilaldia egingo dute, Isabela Velazquez adituak gidatuta. Auzokideek, teknikariek eta politikariek parte hartuko dute ekinaldian, denen artean auzoa ezagutu eta hausnarketa plazaratzeko asmoz. Ibilbidean zehar, besteak beste, Zabalortu egitasmoa ezagutuko dute, auzokideek eurek prestatutako baratzak, eta auzoko meskitan ere geldialdia egingo dute. Bastida plaza eta Borinbizkarra aldea izango dira paseoaren azkeneko geldialdiak. Antolatzaileen esanetan, "elkarbizitza sendotu" eta auzokideen arteko sarea osatzeko modua izan daiteke.     

Udaberrian, beste hainbat

Ibilaldi hauetan, auzoa ezagutzearekin batera auzoa nolakoa izatea gustatuko litzaiekeen azaltzeko aukera izango dute auzokideek.  Parte hartu nahi dutenek aurrez  izena eman beharko dute udaletxean –945 16 16 16–, oraingoan zein udaberrira begira antolatuko dituztenetan. Izan ere, Jane Ibilaldien protagonista asteburu honetan Zabalgana auzoa izango bada ere, datozen hilabeteetan beste zenbait bisitatuko dituzte; besteak beste, Abetxukun, Alde Zaharrean eta Zaramagan antolatuko dute. Aurretik Donostiako Amara auzoan egin dute halako ibilaldia.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago