Islamaren aurkako pintadak egin dituzte Errota auzoko meskitan

Erredakzioa 2016ko aza. 10a, 10:14

Irudia: Google maps

Erasoa igande gauean egin zuten. Errota auzo elkarteak elkartasuna adierazi dio komunitate musulmanari.

Errota auzoko Larrugile kalean (Tenerias) kokatuta dagoen meskitaren atea Islamaren aurkako pintadekin agertu zen aurreko astelehen goizean. Tenplu musulmanaren arduradunek Ertzaintzan salaketa egiteaz gain, Gasteizko Udalari erasoaren berri eman zioten. Antza denez, honakoa ez da izan meskita honek jasaten duen lehen erasoa, izan ere, urrian txerri zatiak agertu ziren tenpluaren atean, baina orduan, ez zuten salaketarik egin.

Auzokideen elkartasuna

Errota Zaharra Auzo Elkarteak eta Errota Anitza taldeak Larrugile kaleko meskitaren komunitate musulmanari elkartasuna adierazi diete. Era berean, "irmoki" gaitzestu dituzte auzokideen arteko "konfrontazioa" bultzatzen dituzten ekintzak. "Gure auzoa kultur ezberdinen arteko bizikidetza eredua da; hortaz, errespetua eta horrenbeste aberasten gaituen aniztasunaren aldeko apostua berretsi nahi dugu", adierazi dute ohar baten bidez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago