Argazki eta koadro erakusketa hartuko du datorren asteazkenetik aurrera Gasteizko Errekaleorreko gaztetxeak. Errekaleor Bizirik kolektiboak antolatutako Oro(h)ar/Intrahistorias izeneko erakusketa horretan "historian lekurik ez duten" pertsonaien istorioak azalduko dituzte Kauldi Iriondo, Fabrizio Lombardo, Aitor Salazar eta Iñigo eta Lander Perez Picazo artistek, irudi eta margo ikusgarri eta adierazgarrien bidez.
Arratsaldean egingo dute inaugurazioa, 19:00etan. Artelanak ikusteaz bat, jatekoa eta edatekoa izango dute Errekaleorreko gaztetxera hurbiltzen direnek. Ordubete beranduago, 20:00etan, musika emanaldiak hasiko dira. Hain zuzen ere, Pe Putz, Dr. Sax, Libe eta Jon Basaguren bakarlariak izango dira zuzenean. Doinu indie, rockero eta goxoak jarriko dizkiete askotariko lekuetan jasotako irudiei eta izenik gabeko pertsonaiei.
Bereziki, argazkiak izango dira ikusgai egongo direnak; Iriondo, Lombardo, Salazar eta Iñigo Perez argazkilariek mundu osoan zehar egindakoak. Pinturak, berriz, Lander Perez margolariarenak izango dira. Bost artistak auzokideak edo proiektuarekin lotura duten lagunak dira.
Arratsaldez zabalik
Esandako erakusketa bi aste pasatxoz egongo da zabalik; hain justu ere, hilaren 27ra arte bisitatu ahalko da honako ordutegian: 18:00etatik 21:00etara bitartean. Azaroaren 18an, ostirala, itxita egongo da.