Ferroserrek, Michelinen mantenu lanak egiten dituen azpikontratak, lau batzorde deitu zituen atzo Gasteizko pneumatikoen lantegian, urriaren 27an bertan gertatu zen langile baten heriotzari buruzko informazioa emateko. Hala ere, bilera hauek kanpoaldean eman behar izan zituela salatu du batzordeak, multinazionalaren zuzendaritzak lantegi barruan egitea debekatu baitzuen.
"Enpresak bilera hauek galarazi nahi ditu", salatu du Ferroser-Metal enpresa-batzordeko presidente Enrique Garoñak.
Astelehenean egin ziren bileretan enpresa-batzordeak datorren azaroaren 15ean 24 orduko greba egitea proposatu die langileei. Gasteizko lantegian dauden Ferroserreko 300 langileak ez ezik, Michelineko 2.500 beharginak mobilizatzera deituko dituzte.
Hiru hilabete eskasetan lantegian bi hildako egon direla salatzea izango litzateke lan uztearen helburua. Kasu bietan, Michelinek azpikontratatutako enpresen langileak ziren. Istripu hauek lan-baldintzen prekaritatearekin eta lan-osasunaren inguruan langileek jasotzen duten formazio eskasarekin lotu ditu Garoñak.