Gasteizko Udaleko oposizioko taldeek salatu dute "murrizketek" eta "planifikazio ezak" neguan ostatu emateko zerbitzua (NB) kaltetu dutela. Izan ere, horren eraginez udal-gobernuak ez du oraindik zerbitzuaren lehiaketa esleitu.
EH Bildu, PP, Podemos eta Irabazi taldeek salatu dute aurtengo lehiaketa hutsik geratu dela eta erantzukizuna udal-gobernuarena dela gaineratu dute. PPk, esaterako, Hiesaren Aurkako Batzordearekin hitzarmena sinatzeko eskatu du, neguan ostatu emateko bitartekoa "berehala" martxan jartzeko.
"Urtaranen gobernuak langileen baldintzak murrizteaz gain, zerbitzua bera garatu ahal izateko diru partida ez da nahikoa, eta ez dugu hau inolaz ere onartuko", esan du EH Bilduko zinegotzi Ane Aristik.
Gaurtik aurrera, zerbitzua zabalik
Udalak neguan ostatu emateko zerbitzuaren kudeaketa oraindik esleitu gabe egon arren, gaur zabalduko ditu ateak, Gasteizko Udalak ohar baten bidez adierazi bezala.
Bitartean, langile gehiago jarriko direla adierazi dute udaletik. "Horri esker, iaz baino 10 egun lehenago irekiko da neguan ostatu emateko zerbitzua".
Udalak neguan ostatu emateko zerbitzuaren helburua bizilekurik ez duten eta kalean lo egin behar dutenei ostatu ematea da, hilabete hotzenetan. Guztira 20 leku dira, eta iazko neguan 75 pertsona igaro ziren bertatik. Harrera sozialerako Udal zentroan, Cmas bezala ezaguna, kokatzen da zerbitzua, Mediterraneoaren hiribidean, hain zuzen ere.