Azoka Txikirako jostailu bilketa hasi da

Erabiltzailearen aurpegia Daniel Sanz Moreno 2016ko aza. 9a, 09:00

2015eko Azoka Txikiko partaideak.

Aurtengo edizioan biltzen den dirua errefuxiatuak laguntzeko bideratuko da. 

 

Gaur hasita, abenduaren 17an  egingo den Azoka Txikian prezio sinboliko baten truke salduko diren jostailuak jasotzen hasiko dira hiriko ludoteketan. Gasteizko Udaleko Hezkuntza Zerbitzuak eta Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak antolatu dute aurtengo Azoka Txikiaren IX. edizioa, umeak eta familiak elkartasunean eta partaidetzan sentsibilizatzeko asmoz.

Egoera onean dauden jostailuak salduz biltzen den dirua Save the Children GKEaren Vos Hestia erreskate itsasontziari laguntzeko erabiliko da. Itsasontzia Mediterraneoan barrena dabil, ume errefuxiatu eta migratzaileak eta haien familiak erreskatatu eta salbatu nahian. Azaroaren 9tik 30era arte bilduko dituzte jostailuak Gasteizko ludoteketan.

Egitasmoaren faseak

Egitasmo urriaren 17an abiatu zen eta denbora honetan Migratzen duten umeen ahotsa sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpaina egin dute. Bertan, 3.000 haur inguruk parte hartu dute eta helburua umeen eta familien enpatiarako gaitasuna eta jarrera solidarioak sustatzea izan da. Bigarren fasea, aldiz, orain hasitakoa da, eta egoera onean dauden jostailuak ikastetxeetara edo ludoteketara eramatea du xede. Herritar orok  parte har dezake.

Hirugarrena Azoka Txikia bera izango da eta abenduaren 17an jostailuak salgai jarriko dira Iradier Arenan. Azken urratsa, bildutako dirua Vos Hestia erreskate itsasontziari laguntzera bideratuko da. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago