Kontrol kanpaina berezia egingo du Udaltzaingoak azaroaren 20ra bitartean, autoak bizikletentzako bideetan geratu edo aparka ez daitezen. Izan ere, hainbat herritar eta txirrindulari kexu agertu dira, zenbait gidarik bidegorriak eta bizikletentzako bestelako bideak bertan gelditzeko edo bigarren ilaran aparkatzeko erabiltzen dituztelako.
"Gidariak bizikletak igarotzeko espazio horiek errespetatzearen garrantziaz jabetzea nahi dugu, eta bidenabar gomendatu gelditzekotan ibilgailu motordunentzako bideetan gelditzeko, ez bestelako ibilgailuentzat edo zerbitzuentzat erreserbatutako bideetan", azaldu du Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok.
237 salaketa 2016an
2016ko lehenengo hamar hilabeteetan, 237 salaketa jarri ditu Udaltzaingoak bizikletentzako bideak halakoetarako erabiltzeagatik. 2015ean 288 izan ziren, eta 2014an 140. Bizikletentzako bideen sareari emandako bultzadaren eta bizikletaren erabilera handiagoaren ondorio izan da igoera hori.
Halaber, gora egiten jarraitzen du Gasteizen bizikleta erabiltzen dutenen kopuruak, eta dagoeneko 40.000ra iritsi da. Azken azterlanen arabera, eguneroko joan-etorrien %13 garraiobide hori baliatuz egiten dira.