2017ko autobusaren tarifak eguneratzea onetsi du Tuvisako kontseiluak gaur goizean, EAJ, PSE eta EH Bilduren aldeko botoekin. Azkenean, EH Bildu taldeak egindako proposamena onartu dute eta prezioen igoera Urtaranen gobernuak proposatutakoa baino "apalagoa" izango da, Tuvisako kontseiluan EH Bilduko bozeramaile Felix Gonzalezen arabera.
Hala, datorren urtetik aurrera, BAT txartelarekin egiten den bidaia bakoitza 0,60 euro kostako da, egungo 0,56 euroen aldean. Igoera, hortaz, lau zentimokoa izango da. Txartel mota hau da gehien erabiltzen dena, kasuen % 56ean, hain zuzen ere. Txartel arrunta, berriz, 1,15 eurotik 1,40ra igaroko da, hots, 25 zentimo gehiago. 30D txartelaren tarifak, berriz, aldaketa oso txikia izango du, 29,50 eurotik 30 eurora pasatuko baita.
Beste alde batetik, diru-sarrera gutxien duten pertsonei zuzendutako tarifa berdin mantendu da; 11 zentimo bidaia bakoitzeko. Era berean, 30D txartela Gautxori autobusetan ere erabili ahal izango dute erabiltzaileek, eta 25 urtetik beherakoentzako bono bat ezarriko da.
Hamar autobus berri
Neurri horrekin, datorren urtean aurten baino 645.000 euro gehiago bilduko ditu Tuvisak. Horrek garraio sozietatearen egoera ekonomikoa hobetzen lagunduko du. Izan ere, autobus flotaren zati handi bat berritu beharra dago, eta 10 ibilgailu erosteko eskatutako maileguari ere aurre egin behar zaio diru horrekin.
Irabazi, kontra
Irabazi udal taldeak tarifen igoeraren aurka dago eta 2017tik 2019ra bitartean prezioak modu mailakatuan igotzeko proposamena aurkeztu du.