Martxan da ostera ere Kunarte

Mirian Biteri 2016ko urr. 28a, 10:20

Teatro Paraiso konpainiak abian jarri du Kunarteren programazio berria. Sorpresaz beteta dator hori: tartean, urtebete eta sei urte bitarteko haurrei zuzendutako sorkuntza tailerrak edo ikuskizunak.

Martxan da berriro ere Teatro Paraiso konpainiak bultzatutako Kunarte; berrikuntza artistiko eta lehen haurtzarorako zentroa. Pasa den asteburuan, esaterako, hasiera eman zioten Ikusi Makusi programazioari, Asier Kidam magoaren eskutik; haren laguntzarekin haurrak mago bilakatu ziren eta gurasoak euren laguntzaile.

Programazioak ez du etenik. Asteburu honetan bi hitzordu daude aurreikusita: larunbatean, hilak 29, Zentzumenen Katramila izeneko tailerra eskainiko du Teatro Paraiso konpainiak berak; urtebete eta hiru urte arteko umeei dago zuzenduta ordubeteko saio elebiduna. Igandean berriz, Los 7 cabritillos ikuskizuna eskainiko du Pupaclownek. Dagoeneko agortuta daude baterako zein besterako sarrerak.    

Bada, azarorako prestatutako egitaraua ere ekintzaz josita dator. Esaterako, azaroaren 6an, Kolorez kolore ikuskizuna aurkeztuko du Pantzart Teatrok. Hiru eta bost urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, eta bertan, poesian, ametsen fantasian eta magian murgiltzeko gonbita egiten zaie umeei. Azaroaren 12an eta 13an, berriz, euskal mitologiarekin lotutako tailerra eta emanaldia eskainiko du Kiribil antzerki taldeak, euskaraz.

Lau ardatz

Kunarte haurtzaroko umeentzako (1 eta 6 urte artekoak) eta horiekin batera dauden helduentzako (guraso, hezitzaile eta artista), artearekin topo egiterakoan, horiek mimatu, kulunkatu eta babesteko "sehaska" da. Dibertsio adimentsua, estimulazio artistikoa eta hezkuntza kulturala eskaini nahi zaie umeei eta haien familiei. Sehaskak bezala, Kunartek 4 hanka ditu, 4 lan ardatz: Tallerarte, Proiektu sortzaileen sehaska, Artez Arte mintegia eta Ikusi Makusi familientzako programazioa. Bi modutan eskura daitezke ikuskizunetarako sarrerak: www.teatroparaiso.com webgunean edo  945-12 88 19 telefono zenbakian.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide