Gasteizko alkate Gorka Urtaranek frankismoko krimenen biktimekin lotutako Egia, justizia, erreparazioa, orain! manifestua sinatu du gaur Iruñean, beste hiri batzuetako alkate eta ordezkariekin batera: Joseba Asiron Iruñeko alkatea, Pedro Santisteve Zaragozako alkatea eta Xulio Xosé Ferreiro Coruñako alkatea, Bartzelonako Herritarren Eskubideetako, Partaidetzako eta Gardentasuneko alkateorde Jaume Asens, Cadizeko lehen alkateorde Martin Vila, eta Rivasko Alkatetzako aholkulari Manuel Castro. Madrilgo alkateordearen kabineteburu Enrique Lopez ere egon da ekitaldian, egitasmoari sostengua ematen, baina sinatzeko ahalmenik gabe.
Alor horretan udalek estatu mailan egin duten lehen topaketan, Iruñean, Gasteizko alkateak esan du Udala biktima guztiekin dagoela. "Denek merezi dute tratu bera, egia ezagutzea, justiziaz tratatzea eta duintasuna itzultzea", azpimarratu du. "Ez gaitu mendekuak bultzatzen, biktimen aitorpenak baizik, bereziki 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako biktimei dagokienez".
Manifestua
Manifestuak dioenez, kereilak sustatzeko arrazoia "ez da inolako mendekua bilatzea, baizik eta egia, justizia eta erreparazioa eskatzea, herritarrek luzaro galdatu baitute eta guk haiei men egin behar baitiegu"; nahi izanez gero beste herri batzuek era atxiki ahalko zaizkio adierazpenari. Sinatu duten udalerriek "borondate irmoa dute gure kereilekin jorratzen hasitako bidetik amaierara arte jarraitzeko eta gure udalen artean lankidetza eta elkartasun loturak sortzeko, eta gure erkidegoetako eta Estatuko gainerako udalak ekimen honekin bat egitera gonbidatzen ditugu, zigorgabetasuneko hamarkada hauek guztiak amaitzea baitu helburutzat".
Gaur egindako topaketaren helburua zen ekimenarekin bat egin duten toki erakundeen ekintzak koordinatzea eta geroko jarduerak koordinatzea, eta xede horrekin alorreko adituekiko saio tekniko eta juridikoak ere egin dira.