Azaroaren 3tik 6ra EHUk antolatutako Zientzia Astea egingo dute. Bertan, ikerlariek beren ikerketak aurkeztuko dizkiete herritarrei. XVI. edizio honetan, guztira, 48 stand eta 86 jarduera antolatuko dituzte Bilbo, Donostia eta Gasteizen, tartean, lantegiak eta irteerak. Jarduera guztiak doakoak izango dira, baina aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da.
Gasteizko hitzorduak
Gasteizen Bibat museoa izango da zientziaren egoitza. Bertan izango diren jardueren artean, dolare eta bodega bat bisitatzeko txangoak eta gazta dastatzeko tailerrak aurkitzen dira. Horrez gain, Bibat museoak Zientzia Club deituriko monologoak hartuko ditu azaroaren 3an, zientzia eta umorea uztartuko dituen espazioan, hain zuzen ere.
Era berean, zientziari lotutako gai ezberdinak jorratuko dituzte stand batzuetan: Kontsumoaren teknologia, DNA Detektibea, Espainiako Gerra Zibilaren Arkeologia eta Energia Berriztagarriak, besteak beste.
Lantegiei dagokienez, gehiengo batek gastronomia izango du ardatz: Ogi-dastaketa, Añana haraneko gatz-dastaketa eta Arabako Errioxako olio dastaketa, esaterako. Baina bestelako arloak ere landuko dituzte, hala nola, Magia dirudi, fisika da, Estatistikarekin jolasten, Zerua behatzen edota Zientifiko egun batez.
Egitaraua: Zientzia Astea 2016