Gasteizko mugimendu feministak salatu duenez, aurreko asteburuan bi emakume Gasteizko taberna batetik kanporatu zituzten, musukatzen ari zirelako. Ustezko erasoa salatzeko agerraldia egin dute gaur goizean. "Logia tabernako arduradunek bi emakume, bultzaka kanporatu zituzten musukatzen ari ziren bitartean. Hori bera izan zen tabernako arduradunek bi emakumeei emandako argudio lesbofoboa kanporatuak izateko. Musukatzen ari zirenez gero, molestatzen zutela", azaldu dute mugimenduko kideek.
Gertatutakoaren erasoa salatu duten bi emakumeek salaketa jartzea erabaki eta Olagibel kaleko Ertzaintzaren egoitzara jo zuten. "Ohikoa izaten ari den bezala jasotako tratua desegokia izan zen. Izan ere, emakumeen testigantza zalantzan jarri zuten eta ez zituzten erasotutzat jo", zehaztu dute. Hori dela eta, "gorroto eraso" ez dituztela onartuko gaineratu dute.
Erasoa salatzeko manifestazioa deitu dute gaur arratsalderako, 20:00etan Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuko dena.
Tabernako arduradunen bertsioa
Salaketa honen aurrean, Logia tabernako arduradunek beste bertsio bat eman dute. Hedabide ezberdinetan azaldu duten moduan, emakumeak, besarkatuta dantzatzen ari ziren eta inguruko jendea kolpatzen. Hori dela eta, segurtasun langileek bi emakumeak tabernatik kanporatzea erabaki zutela zehaztu dute.