Tuvisako txartela lau zentimo igotzea proposatu du EH Bilduk

Erredakzioa 2016ko urr. 24a, 19:42

EJZ zergaren igoerak autobusaren prezioen inguruko edozein aldaketa baldintzatuko duela azpimarratu du EH Bilduk.

EH Bildu Gasteiz udal taldeak 2017ko Tuvisaren prezioen proposamena aurkeztu du. "Gure proposamenarekin, gehien erabiltzen den Bat txartelarekin egiten den bidaia bakoitza 0,60 eurokoa izango litzateke, orain ordaintzen dena baino lau zentimo gehiago; EAJk proposatutako igoeraren erdia da", adierazi du TUVISAko kontseiluan EH Bilduko bozeramaile Felix Gonzalezek.

 Besteak beste, diru sarrera murritzak dituzten pertsonei zuzendutako hobari berria proposatu dute. Pertsona hauentzat egungo prezioa mantendu nahi dute, hamaika zentimo, hain zuzen ere. Bestalde 30-E eta Gazte 26 txartelekin Gau Txori zerbitzua barne izatea planteatu dute, hau da, erabiltzaile horientzat dohainik izatea.

 Txartel arruntari dagokionez, bidaia bakoitza 25 zentimo igotzea proposatu du EH Bilduk, Udal Gobernuak proposatutako 30 zentimoen aurrean. Beste alde batetik, hilean bidaia kopuru mugagabea eskaintzen duen 30-E txartela bost zentimo igotzea proposatzen du.

 Proposamen honekin Tuvisak datorren urtean 600.000 euro inguru gehiago irabaziko lituzkeela uste du EH Bilduk.

 Tarifak aldatzeko akordio honen ondorioz, Udal Gobernuak, Tuvisako lehendakariaren bitartez, 2017an hamaika autobus berri erosteko lizitazioa egiteko konpromisoa hartu dezan nahi du udal taldeak. Era berean, EH Bilduk gogorarazi du, autobusaren prezioen inguruko edozein aldaketa EJZ zergaren igoerari lotuta egongo dela, hau da, Urtaranen gobernuak proposatutakoa baino handiago izan behar du. "Ez da bidezkoa beti pertsonengan zama handitzea, gehien irabazten duten enpresa handiei eman behar dutena barkatzen zaienean".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago