Martin Ttipia eta hiria defendatu zutenak omendu ditu Udalak

Erredakzioa 2016ko urr. 24a, 10:27
Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta Martin Ttipia elkarteko kide Iñigo Larramendi, plakaren aurrean.

Garai hartako gasteiztarren konpromisoa eta leialtasuna goraipatu nahi izan dute, bederatzi hilabetez setioari aurre egin ziotelako XII. mendean.

Gasteizek omenaldia egin dio Nova Victoriako gobernadore izan zen Martin Ttipiari, baita bederatzi hilabetez setioa pairatu zuten garai hartako gasteiztarrei. Alde Zaharreko harresiaren ondoko espazio bati Martin Ttipia izena eman diote eta Ttipiaren datu historikoak jasotzen dituen plaka bat kokatu dute, zehazki, Frai Zacarias Martinez kaleko eraikinaren atzean dagoen espazioan, elurtegi zaharraren eta Bakardade kantoiaren artekoan.

Asteburuan egin zen omenaldian Udalbaltzako hainbat kide eta Martin Ttipia kultur elkarteko lagunak izan ziren. 

"Martin Ttipiak eta garai hartako gasteiztarrek sekulako defentsa egin zuten Nafarroako Erreinuaren defentsan. Gure historiako pasarte garrantzitsu bat da oso, eta bertan izan ziren protagonistei errekonozimendua egin behar diegu. Ekitaldi honekin beren konpromisoa eta leialtasunagatik omendu nahi dituegu. Gaur eta beti gogoratuko dugu hiria nola defendatu zuten erasoaren eta setioaren aurrean, Gaztelako armadaren aurka", azaldu du alkateak.

1199. urteko udaberria amaitzear zegoela, Gaztelako errege Alfontso VIII.ak, hitzarmena hautsi, eta Nova Victoria, lehen Gastehiz zena setiatu zuen. Martin Ttipia tenente edo gobernadorea zen hiribildu harresituko herritarren buru, eta aurre egin zion setioari bederatzi hilabetez, harik eta Nafarroako errege Santxo VII.a Indartsuak laguntza eman ezinik, amore eman eta errenditzeko baimena eman zien arte. Denboraldi luze horretan, nabarmentzekoa izan zen Nafarroako Erreinuaren defentsan Martin Ttipiak eta hiribilduko biztanleek erakutsitako leialtasun eta jarduera ausarta.

Ekitaldia Martin Ttipia kultur elkartearen laguntzaz egin da, bera izan baita omenaldiaren sustatzaile nagusietako bat. Omenaldia Udalbaltzak onartu zuen 2014ko azaroaren 28an.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide