Aurreko astean Ciudad Juarezen Aldeko Idazleek bosgarren urtez eginiko deialdiari kasu eginez, hainbat lagun bildu ginen elkartasunezko irakurketak egiten. Helburua, munduan milioika lagunek jasotzen duten bortizkeriaz jabetzea eta honen inguruko isiltasuna haustea. Gasteizeko ekimenean, urruneko oroitzapenetara eraman ninduen Armando Corveillen Parará Papá poemak.
Gogoratzen duzue haurtzaroko lelo hura? Parará, papá, parará? Parará, Pachín, parará. Geuk algara bizian kantatzen genuen gure aitarekin, Bermeotik Gernikara ibilbidea zuen trenean, geltoki bakoitzera iritsi baino lehen. Busturialdeko aldapa igarotzean egiten zuen kirrinkaren erritmoari jarraituz, hauxe ere kantatzen genuen ere: esta-cuesta-cuesta-mucho. Baina Corveille ez da trenez ari: indarkeria, feminizidioa, hilketak, gerrak, gehiegikeriak, ustelkeriak, lapurretak, mendekotasunak, kontzentrazio-esparruak eta abar, desagertuko ote diren, ea behingoz bertan behera geratuko ote diren galdetzen du idazleak.
Aste honetan, beste bidai bat dokumentatzen duen filma ikusi dut. Astral. Errefuxiatuen drama itzela Mediterraneoan. Jasan ezina den aldapa hiltzaile izugarria.
Gaur egun, mendebaldeko bidaiariontzat egokituriko tren txukunetan ez da entzuten biraderetako kirrinkarik, binbiliketarik ezta balaztaren oihurik eta ahaztu dugu aitarekin batera kantatzen genuen lelo hura.