Euskal hileta tradizionala antzeztuko dute larunbatean Alde Zaharrean

Erredakzioa 2016ko urriaren 21a

Jare Dantza taldeak eta Sustantzieroak abesbatzak egingo dute antzezpena. Manuel Iradier txangolari taldearen egoitzatik abiatuko da.

Gasteizko hirigune historikoa XIX. mendeko euskal hileta baten agertoki izango da larunbat arratsaldean, Jare dantza taldeak eta Vital Fundazioak antolatuta. Antzezpena 19:30ean abiatuko da Manuel Iradier txangolari taldearen egoitzatik (Pintoreria, 15) eta Erdi Aroko hiriguneko hainbat kaletatik igaroko da, hileta zeremoniaren atalak antzezten diren bitartean: hil-beila, gorpu-eroatea eta hileta-meza, pertsonaiek garaiko jantziak aldean dituztela. Antzezpenean Jare taldeko hainbat kidek eta Sustantzieroak abesbatzakoek ere hartuko dute parte, eta parte hartu nahi duten ikusleek ere aukera izango dute.   

Ekimena Euskal Herriko hileta errituei buruzko erakusketa txiki batekin osatuko da. Erakusketa hori Manuel Iradier txangolari taldearen egoitzan bisitatu ahal izango da, gaurtik hasita urriaren 31ra arte.

Folklorea zaindu eta hedatu

Jarduera hauek Vital Fundazioaketa Jare dantza taldeak sinatutako lankidetza hitzarmenaren ildotik datoz, eta hitzarmenak nahiz ekitaldiek bertako folklorea zaintzea eta hedatzea dute helburu. Hitzarmen horren babespean hainbat jarduera burutu dira aurten, esaterako, haurrentzako Euskal Jaia martxoan, akelarrea San Juan gauean eta euskal ezkontza tradizionala uztailean. Gainera, euskal kulturari buruzko hitzaldi zikloa, tailerrak eta mahai inguruak programatu dira azarorako.         

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago