Azaroaren lehenengo astean zehar, Zakatumba jaialdiak heriotza ikuspuntu ezberdinen bidez jorratuko du. Batetik, heriotzaren inguruko hausnarketa sustatu nahi du. Baina aldi berean, ikuspuntu ludiko eta kulturalari ekingo dio. Halaber, jaialdiaren egitarauak artearen disziplina ezberdinak uztartuko ditu, hauen arteko elkarrizketa sustatuz: musika, dantza, ilustrazioa, antzerkia edota literatura. Jarduera hauetan, hiriko kultur-eragile ezberdinek parte hartuko dute.
Heriotzaren festibal hau Europa mailan egiten den bakarra izango da. Horregatik, antolatzaileek diote Gasteiz "agertoki pribilegiatu" bihurtuko dela. "Bizitza ospatuko dugu heriotzan pentsatzen dugun bitartean."
Egitaraua
- Urriaren 27an Heriotza eta errituala Araban argazki erakusketak hasiera emango dio jaialdiari, Antso Jakituna Fundazioaren egoitzan.
- Hurrengo egunean, Gaueko Dibupotea egingo dute arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Horretarako, Santa Isabel hilerria bisitatuko dute eta egindako marrazkiak Zaramagako pintxo pote eremuan aurkeztuko dituzte.
- Urriaren 29an Zaka eta Tumba ipuin kontalaria antolatuko dute eguerdiko 12:00etan Mara-Mara liburu dendan. Bertan, haurrek Zaka eta Tumba pertsonaiak salbatu beharko dituzte heriotza gaindituz.
- Urriaren 31an, heriotza eta doluaren inguruko laburmetraiak proiektatu dituzte Sonora tabernan. Ondoren, Ilustrapados kolektiboak marrazkiak egingo ditu.
- Azaroaren 3an, Europako Dantza Makabroak hitzaldia egingo dute Artium museoan. Bertan, XV. mendean sortu zirenetik egungo egoerara aztertuko dute.
- Azaroaren 4rako, Gasteizko antzinako hilerrien bisita gidatua antolatu dute. Amaitzeko, azaroaren 5ean, Arabako Antzinako Tradizioak txangoa antolatu dute, besteak beste Bujandako elizara joango dira.
Egitarau osoa: Zakatumba jaialdia