World Press Photo 2016, azaroaren 15era arte ikusgai Montehermoson

Erredakzioa 2016ko urr. 17a, 10:28
© Warren Richardson - Hope for a New Life

Aurten, lehen aldiz, bisitaldi gidatuak egingo dira, euskaraz eta gaztelaniaz.

Hamalaugarren aldiz, Gasteizen da World Press Photo 2016 erakusketa, azken urtean egindako argazki-kazetaritzaren irudirik onenak biltzen dituena.

Besteak beste, 2016ko edizioa irabazi zuen irudia ikusiko dute bisitariek. Warren Richardson argazkilari australiar independenteak atera zuen Serbiaren eta Hungariaren arteko mugan, lokazti baten atzean ordu luzez egon ondoren leher eginda zegoela, eta polizia kontra izanik, ilargiaren argiarekin eta "kontzertinen" distira zorrotzarekin bakar-bakarrik egindako argazkia. Zuri-beltzean eta pixka bat desfokuratuta ateratako irudi honek errealitate latz eta gordina islatzen du: esku batzuek haurtxo txiki bat beste errefuxiatu bati pasatzen diote alanbrada baten azpitik, presaka eta norbaitek ikusiko dituen beldurrarekin. Irudi klasikoa da goitik behera, eta guztia dauka, baita etorkizuna hobea izango den ilusioa ere, umetxoak islatua. "Bizitza hobe baten itxaropena" islatzen duela dio WPPren epaimahaiak.

Aurtengo erakusketan, sufritzen ari diren ume gehiago ere badaude: Siriako zaurituak, Darfur-ekoak, Nepalekoak... Arrakasta handirik gabe gure kontzientziei ate-joka dabiltzan aldaba modukoak dira. Era berean, kamerek haur zoriontsuen ere irudiak hartu dituzte.

Errefuxiatuen krisia, gai nagusia

Errefuxiatuen krisia (bere testuinguru eta alderdi desberdinetan) da WPPn gehien errepikatu den gaia, baina horrez gain, beste hainbat gai ere jorratu dira: naturaren aurpegi harrigarriak, ekimen solidario ezezagunak, Chernobilen aurkitutako argazki-karrete zaharrekin ateratako argazki ia ukiezinak eta eguneroko istorio hunkigarriak, hala nola Laurelena eta Howierena (minbizi terminalak jotako bikote bat).

155 irudi, azaroaren 15era arte

Erakusketa honetako 155 irudiak 128 herrialdetako 5.700 argazkilarik aurkeztu dituzten 83.000 argazkien artean hautatu dira.

Montehermoso Kulturuneko ur-biltegi zaharrean egongo da ikusgai azaroaren 15era, 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara, asteartetik igandera (jaiegunak barne). Astelehenetan itxita egongo da.

Aurtengo nobedadea da estreinakoz, eta urtero izan diren eskaerei erantzunez, bisita gidatuak eskainiko direla euskaraz eta gaztelaniaz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide