"Las Nievesen dena emateko prest geunden aldaketaren alde"

Estitxu Ugarte 2016ko urr. 12a, 12:00

Sor Aurora Herrera, erizain ohia.

Gasteizko Las Nieves ospitale psikiatrikoan berrogei urtez lan egin du Sor Aurora Herrerak eta aurtengo Urrezko Zeledon saria jaso berri du egindako lanagatik; bere esanetan "opari kolektiboa" da.

 

Erretiroa hartu du, baina ez dago geldirik Sor Aurora Herrera (Sasamon –Burgos–, 1951); Zaballako espetxean presoak bisitatzera joaten da ostegunero, eta buruko gaitzak dituzten lagunekin ordu asko partekatzen ditu Arabako ospitaleetan. Oso gogoan ditu Las Nieves ospitale psikiatrikoan azken berrogei urteetan eman diren aldaketak, eta buruan iltzatuta ditu, bereziki, toxikomaniaren alorrean gertatu diren aldaketak; bitxikeriak ere kontatu ditu, Cicatriz En La Matriz taldearen sorrera, kasurako.

Duela bi aste jaso zenuen Urrezko Zeledon saria. Zer sentitu duzu?

Asimilatzen ari naiz oraindik. Eman zidatenean niretzat gauza handiegia zela iruditu zitzaidan, beste pertsona batzuentzat izan behar zela, ez niretzat. Ez dut uste jasotzeko merituak egin ditudanik. Bestetik, opari kolektiboa dela uste dut, nire arrebentzako, eta babes-etxean, geriatrikoan, ospitale psikiatrikoan lan egin duten horientzat guztientzat, lankideentzat, eta gaixoentzat ere. Denek merezi dute saria, haiena da. 

Berrogei urtez lan egin duzu Las Nievesen psikiatriako erizain moduan; nolakoa zen 70. hamarkadan aurkitu zenuen Las Nieves hura?

Hamarkada inportantea izan zen, aldaketen urteak zirelako, ospitale psikiatriko tradizionaletik beste motako ospital eredu batera pasatzen ari ginen, beste tratamenduekin, beste neurri batzuekin, pertsonak osatzeko eredu batera pasatzen ari ginen. Urte gogorrak izan ziren.

Zergatik?

Aldaketa guztiak zailak direlako. Ez genuen jarraitu nahi psikiatria tradizionalarekin, pazienteak osatzea nahi genuen, tratamendu farmakologiko hobeagoak nahi genituen. 

Aldaketa handia da hori.

Bai. Baina hamarkada horretan gaixoak artatzeko langileen kopurua ere handitu egin zen, psikiatra espezializatuak sartu ziren Las Nievesera; psikologoak, langile sozialak, psikiatrian espezializatutako erizainak sartu ziren, erizain eskoletan laguntzaileak kontratatu zituzten; eta formakuntza ere handitu zen. 

Aurreko filosofia gehiago zen "babes-etxe" ereduarena?

Bai. Dena den, ez dut uste oraingo irizpideekin kritikatu dezakegunik lehen egiten zuten lana, garai horietan bestelako irizpideak eta beste egoera batean bizi zirelako, eta ez da justua. Gizartea aldatzen doan heinean aldatzen da laguntza psikiatrikoa. 

Nola sartzen dira aldaketak? 

Oso pixkanaka, erresistentzia handia zegoen, lehengo ohiturak oso errotuta zeudelako, baina langile gazteak sartu ziren ospitalean eta mentalitate aldaketa oso interesgarria gertatu zen. Lehenik, perspektiba ona izan behar da, eta helburu argiak, eta bigarrenik, aldaketaren alde dena emateko prest dauden pertsonak behar dituzu, borrokatzeko gogoa duten pertsonak. Gizartean ere aldaketa inportanteak gertatzen ari ziren, eta gaixotasun psikiatrikoak orban izatetik gaixotasun bezala kontsideratzera pasatzen ari ziren.

Zenbat lagunekin lan egiten zenuten ospitale horretan?

Ospitale psikiatrikoa eta geriatrikoa banatuta zeuden. Psikiatriako hegalean 200dik gora gizon eta 200dik gora emakume egongo ziren. 

80. hamarkadan, Las Nievesen jasotzen dituzuen gaixoen profila aldatzen da. Zer dela eta?

Ordurarte buruko gaitzak zituzten pertsonak zeuden batik bat, eta alkoholikoak. 1978 eta 1979 urteen artean drogaren inguruko lehen albisteak entzuten hasi ginen; une horretan ezagutzen genituen soilik alkohola kontsumitzen zutenak, beraz ustekabean harrapatu gintuen drogak. Ospitalera etortzen hasi ziren lehenak klase altuko gazteak ziren, guraso dirudunen seme-alabak, bidaiatzeko aukera zutenak; gero langileen auzoetako gazteak etortzen hasi ziren.

Zergatik joaten ziren gazte horiek Las Nievesera?

Heroinak abstinentzia sindromea eragiten du, eta gazte hauek mono-arekin zeudenean, ezin zutenean gehiago, ospitaletako larrialdietara jotzen zuten, eta hortik psikiatrikora bidaltzen zituzten. 

Eta zer egiten zenuten?

Nik gizonezkoen psikiatrian lan egiten nuen, batik bat alkoholikoekin, eta bat-batean hasi ziren gazte taldeak etortzen: "aizu! bidali gaituzte hona pilula batzuk emateko, emaidazu morfina, monoa kentzeko". Eta gu egoera horren aurrean zer egin jakin gabe! Batzutan mehatxu egiten zidaten ere, "ikusten duzu hortik pasatzen ari den atso hori? ba pilulak ematen ez badizkidazu, hemendik ateratzen naizenean zorroa lapurtuko diot, droga erosteko". Modu horretan hasi ginen arazoa antzematen. 

Toxikomanoak artatzeko egiturarik ba al zegoen Las Nievesen?

Ez. Medikazioa banatzen hasi ginen, eta konturatu ginen toki bat behar genuela drogomenpekotasuna zuten lagunak artatzeko, ordurate ez zegoelako ezer. Hala sortu zen drogomenpekotasunaren anbulatorioa Las Nievesen.

Drogarekin batera beste arazorik ere izango zituzten gazte horiek?

Bai, noski. Beti esaten dut droga gauza bat dela, baina horren atzean pertsona bat dagoela, arazo handiak dituen pertsona bat, pertsona horri lagundu behar zaio, entzun behar zaio.

Hori zen bertan egiten zenuen lana?

Bai. Gero eta toxikomano gehiago etortzen ziren, eta ekipo bat sortu zuten,  jende gaztea zen eta oso dinamikoa, ikasleak ere etortzen ziren, eta lan handia egin zuten. Anbulatorioan gure perspektibak gero eta handiagoak ziren, nahi genuelako komunitate terapeutiko bat sortu, desintoxikazio prozesu egokia garatzeko. Garai horretan desintoxikazioak oso gogorrak ziren, ez zegoen egun dagoen tratamendua, ez zegoen metadona, ansiolitikoekin, neuroleptikoekin tratatzen genituen.

Toxikomanoekin taldeko terapiak egiten zenituzten; horrelako batean sortu zen Cicatriz taldea?

Anbulatorioak klub sozial bat bezala funtzionatzen zuen; bertan zegoen argazkigintza talde bat, txangoak ere antolatzen zituzten, eskulanak gustatzen baldin bazitzaizkien egiten zituzten; toki irekia zen, eta bakoitzak egiten zuen nahi zuena. Cicatrizeko horiek talde bat osatu nahi zuten, eta nigana etorri ziren, "sor, ez dugu dirurik eta toki bat behar dugu entseatzeko". Azkenean, sotoa eskaini nien, eta bertan egiten zituzten entseguak. Gustatzen zitzaidan, batzuek makrame egiten zuten eta beste batzuek musika jotzen zuten. Esaten zidaten kontzertuetara joateko, egun horretan ez zirela drogatuko, eta gogoratzen dut Hala Bedi irratian ere hitz egin zutela: "Sor, entzun, sendatuta gaudela denak" (barre egiten du).

 Irakurri elkarrizketa osoa ALEA aldizkariaren 78. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago