Latinoamerikako biribilgunea lurperatzea aztertuko du Gasteizko Udalak

Erredakzioa 2016ko urr. 11a, 16:45

3.215 lagunek hartu dute parte Hobetuz proiektuan

Latinoamerika plazako bidegurutzearen trafikoa lurrazpitik desbideratzea aztertuko du Gasteizko Udalak. Udalbatzak antolatutako “Vitoria-Gasteiz Hobetuz” programan herri bozkaketaren ondorioa da iragarpen hau.  

 

Latinoamerikako biribilgunea lurperatzea izan da proposamenik bozkatuena Gasteiz Hobetuz programan. 2.243 lagunek botoa eman dute; hamabost proiektu izango dira datorren urteko Udaleko aurrekontuan sartzeko. Bozkatu duten herritarren %20,37 proiektu honen aldekoak izan dira.

Bigarren proiekturik bozkatuena Errota kalea birmoldatzea izan da botoen %12,7ko babesarekin. Estu geratu da zerrendako hirugarren proposamena, Borinbizkarran eta Elejalden jolastokiak jartzea (%12,1).

Latinoamerika, Adurtza, Arana eta Txagorritxuko eremuetan izan da partaidetzarik altuena. San Prudentzio, Angulema, Alde Zaharrean eta landa eremuetan, ordea, parte-hartze baxuena.

Udal gobernua, pozik

Isabel Martinez, Partaidetza eta Gizarte Etxeen zinegotzia, baikor azaldu da programaren emaitzak aurkeztu dituenean, eta adierazi du herritarren partaidetza “loteslea” izango dela. Ildo honetan, boto-emaileen aniztasuna azpimarratu du. Izan ere, proposamenak gai oso ezberdinak tratatzen dituzte: Ingurunea, hiriaren hobekuntza, segurtasuna edota aisialdia.

Gasteizko auzokideek irailaren 26tik urriaren 9ra bozkatu ahal izan zuten. Bozkaketa egin zuten datorren urteko udal-aurrekontuaren zati bat zertan inbertitu jakin ahal izateko. Hori egiteko bi bide zeuden, presentzialki edo sarearen bidez egin.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago