Urriaren 10ean hasiko dira Gasteizko Harresian atxilotutako 15 gazteen aurkako epaiketak

Erredakzioa 2016ko urr. 5a, 14:28

Elkartasuna adierazteko elkarretaratzea deitu dute egun horretarako, epaitegiaren aurrean.

 Urriaren 10ean 2015eko maiatzaren 17an Gasteizko Harresian atxilotu zituzten gazteen aurkako epaiketa hasiko da. Egun horretan, Segiko kide izatea leporatuta poliziak atxilotu nahi zituen Igarki, Aiala eta Ibon babesteko milaka lagun elkartu ziren Andre Mari Zuriaren plazan. Manifestazioa, kontzertuak eta zeinbat jarduera egin ziren igande arratsaldean eta astelehenean, polizia plazan sartu zen hiru gazteak atxilotzera. 70 zauritu inguru eta 20 atxilotu izan ziren egun horretan Gasteizen. Hilabete batzuk beranduago, Epaitegi Gorenak gazte horiek errugabeak zirela ebatzi zuen eta orain, horietako hamabost gazte epaituko dituzte. "Hurrengo hilabeteetan zehar, orain onartua den errugabetasun hori euren gorputzez defendatu zuten 15 pertsona solidario epaituak izango dira orduko ekimen herrikoi eta desobediente masiboan parte hartzeagatik", salatu dute gaur Andre Maria Zuriaren plazan Gasteizko Harresiak egin duen agerraldian.

Epaiketak, urriaren 10ean eta abenduaren 13an

Datorren astelehenean egingo den epaiketa "larriena" dela adierazi dute. "Adami eta Oierri Agintaritzaren aurkako atentatua eta lesioak leporatzen zaizkie. Ertzaintzak dio eurak kolpatu eta lesionatu zituela, akusazio partikular gisa aurkezten da eta fiskaltzak baino zigor gogorragoak eskatzen ditu. 2 urte eta bi urte eta erdi. Zigorraren arabera, Adam eta Oier espetxeratuak izan daitezke", adierazi dute.

 Hurrengo epaiketa abenduaren 13an izango da. Zortzi lagunek desobedientzia eta erresistentzia akusazioei egin beharko diete aurre.

 Astelehenerako, hilak 10, elkarretaratzea deitu du Gasteizko Harresiak epaitegien aurrean, auzipetuei elkartasuna adierazteko.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide