Abetxukun uholdeak ekiditeko lanak hasi dira

Erredakzioa 2016ko urr. 5a, 10:04

Gauez egingo dituzte lanak, tranbia ez dabilen orduetan.

Atzo gauean Abetxuku auzoko Presa kalean obrak egiten hasi zen Udala. Lan horiek hiru ordu inguru iraun zuten eta hilaren 10etik aurrera eta 5 edo 6 egunez berriro egingo dira lanak, tranbia ez dabilen orduetan, hots, 23.00etatik 6.00etara.

Lan hauek Gamarratik Abetxukurainoko zatian Zadorra ibaiaren uholdeetatik babesteko egiten ari dira; zehazki, ibilguaren eskuineko ertzean babes bat eraikiko da, urek gainezka egiteko arriskua murrizteko. Urriaren 5ean, makinek tranbiaren plataformara sartu behar dute hormigoia bota ahal izateko, eta ETS enpresak lan horiek egunez egitea baimentzen ez duenez gauez egin beharko dira.

Urriaren 10etik aurrera, berriz, corten xaflazko murru bat jarriko da, tranbiaren plataforma Zadorraren ibilguaren gainetik igarotzen den zatian. Orain dagoen baranda kendu eta haren ordez xafla jartzeaz gain, tranbiaren plataformatik soldadura lanak egin beharko dira, eta tranbia zazpi minutuan behin igarotzen denez ezinezkoa da hura martxan dagoela egitea. Horrenbestez, lan horiek ere gauez egin beharra dago. Bi kasuetan ahalik eta zarata txikiena ateratzen saiatuko dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago