Txirrita taldeko Endika Saez de Adana da Gasteizko neska eta blusen batzordearen lehendakari berria. Atzo zuzendaritza batzordea aldatu zuten eta Saez de Adanarekin batera, Txolintxo taldeko Antxon Iñigok, Nekazariak taldeko Iñaki Gutierrezek eta Desiguales taldeko Sergio Gonzalezek osatuko dute zuzendaritza. Hemendik aurrera kuadrilla guztiak kudeatuko dituen lehendakari berria Zeledon txiki izan zen 1998an. Zuzendaritza berria ahoz batez onartu zuten atzo talde guztien ordezkariek egindako bileran.
Luis Izagaren dimisioa
2016tik Bereziak taldeko Luis Izaga izan da blusa eta nesken lehendakaria, baina aurreko irailean bere kargua uztea erabaki zuen, taldeen artean sortutako polemika dela eta. Abuztuaren 9an zezenen itzulera isiltasunean egiteko erabakia hartu zuen zuzendaritzak, Udalak eraso sexisten aurkako protokoloa aktibatu baitzuen, emakume gazte batek eraso bat salatu ostean. Hala ere, bost taldek normaltasunez egin zuten itzulera eta irailean talde hauei 1.500 euroko isuna jartzea proposatu zuen Izagak. Geroztik, taldeen artean sortutako tirabirek lehendakariaren dimisioa eragin zuten.