Familia bat etxegabetu dute gaur Zabalganan

Erredakzioa 2016ko urr. 3a, 10:20

Arabako etxegabetzeen aurkako plataformak salatu duenez, bertan bizi den familiaren oinarrizko eskubideak urratzen ari dira.

Etxegabetzeak Stop plataformak salatu duenez, gaur beste etxegabetze bat izan da Zabalganan. Oraingo honetan, Etxebideren bitartez eta modu pribatuan alokatuta dagoen Babes Ofizialeko etxebizitza batean gertatuko da. Bertan, laguntza soziala jasotzen duten emakume bat eta bere bi seme-alaba adingabeak bizi dira. Etxegabetzea goizeko 11:00etan gauzatu da. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak etxe ataria inguratu dute protestak ekiditeko.

Kasu honetan, etxebizitzaren jabea partikularra da, baina Etxebideren bitartez alokatutako Babes ofizialeko etxea da. Bertan bizi den emakumeak, Sandrak, ezin izan ditu alokairuaren gastuei aurre egin eta horregatik kaleratuko dute.

Etxegabetzeak Stop plataformak ez du partikularren arteko arazoetan bitartekaritza lana egiten, baina kasu honetan, Eusko Jaurlaritza, Udala zein botere judiziala oinarrizko eskubideak urratzen ari direla salatu du. "Partikularren arteko akordio batez ari gara, eta ez dugu horretan esku hartuko. Baina inor etxetik kaleratu aurretik beste aterpe bat izango duela bermatu behar zaio. Izan ere, Europak berak onartu du etxegabetze bat dela etxea izateko eskubidea urratzeko modurik ankerrena", salatu du plataformako kide Arturo Val del Olmok.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago